Kalakan: 'Madonnak errespetu handia dio euskal kulturari'
Kalakan Iparraldeko hirukotea Madonnarekin ari da biran. Tartean, Poparen Erreginak 'Sagarra jo' kantuaren bertsioa egiten du "Open your heart" abestiarekin tartekatuz. Thierry Biscary Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da eta "oso nekatuta, baina oso pozik" agertu da.
Hiru hilabete New Yorken eman omen zituen ikuskizun berria prestatzen eta Biscaryk esan duenez, mundu osoan izango dira Madonnarekin batera, "bira osoa ikuskizun bera" baita.
Elkarlana iazko udan sortu zen, Madonna Lapurdiko Getarin izan zen lagun batzuen etxean eta urtebetetzean jo zuten. Gustora izan omen zen eta parte hartzeko deia egin zieten. Gero, urtarrilean 'workshop' edo tailer batean parte hartzeko deitu zituzten Kalakan taldeko partaideak, eta New Yorkera egin zuten. Dantzariekin lanean aritu ostean, biran parte hartuko zutela erabaki zuten.
Ikuskizunean, "euskaraz eta ingelesez" abesten dute eta Biscaryk esan duenez, Madonnak euskal kulturarekiko interes handia izan du Getarian ezagutu zirenetik. "Txalaparta ere jo zuen lehen egun hartan", gaineratu du.
MDNA Tour bira kulturen arteko "talka bat" dela esan du Kalakan taldeko partaideak, euskaraz gain, hainbat hizkuntzatan abesten baitu. Madonnaren ezaugarri nagusia "oso langilea" dela da Biscaryren ustez. "Oso gozoa da, asko errespetatzen gaitu. Horrelako superprodukzio batera zoazenean ez dakizu nola hartuko zaituzten, baina oso ondo hartu gaituzte".
Duela egun gutxi Madonnak titi bat erakutsi zuela eta, barre egin du Biscaryk. Bere ustez, "beharbada nahita egin du probokazioa".
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko