Raye da Grammy 2027rako izendapenen liderra, 11rekin, eta Rosalia du atzetik, bederatzirekin
Rosaliaren 'Lux' albumak 11 izendapen lortu ditu, bi kategoria teknikoak gehituz gero. Zazpi izendapen dituzte Olivia Rodrigok, Ella Langleyk, Miranda Lambertek eta Phoebe Bridgersek, eta sei dituzte Bruno Marsek, Leon Thomasek eta Olivia Deanek.
Raye abeslari britaniarra da Grammy sarien 69. edizioko izendapen gehien jaso dituen artista; This Music May Contain Hope albumak 11 hautagaitza eman dizkio. Zerrendan bigarren postuan Rosalia dago, bederatzi lortu baititu. Hala ere, Lux bere albumak, orokorrean, hamaika izendapen ditu bi kategoria tekniko kontuan hartzen badira: ekoizpen onenarena eta grabazio-ingeniaritzarena.
Raye 29 urteko abeslari britainiarrak hiru sari nagusietarako izendapenak lortu ditu: grabazio onenarena eta urteko abestiarena "Where Is My Husband!" abestiarekin eta urteko albuma This Music May Contain Hope diskoarekin. Dagoeneko 15 izendapen lortu ditu bere ibilbidean, baina oraindik ez du Grammyrik irabazi.
Rosaliak, bestalde, historia egin du sari hauetan. Bartzelonako artista kategoria hauetan dago izendatuta: Urteko Albuma eta Musika Alternatiboko Diskorik Onena; Urteko Grabazioa, Urteko Abestia eta Bideo Musikalik Onena, "Berghain" lanagatik; Pop Interpretaziorik Onena, "Sauvignon Blanc" lanagatik; Musika Alternatiboko Interpretaziorik Onena, "Reliquia" lanagatik; Musika Globaleko Interpretaziorik Onena, "Porcelana" lanagatik; eta Latinezko Abestirik Onena, "La Perla" lanagatik.
Gainera, ekoizpen onenaren eta grabazio ingeniaritzaren kategoria teknikoak kontuan hartuz gero, Rosaliaren lanak hamaika izendapen ditu guztira. Joan den osteguneko Latin Grammy sarietan Lux estudioko laugarren albumak sei sari eman zizkion.
Olivia Rodrigok, Ella Langleyk, Miranda Lambertek eta Phoebe Bridgersek zazpi izendapen lortu dituzte, eta seirekin geratu dira Bruno Mars, Leon Thomas eta Olivia Dean.
Sari banaketa datorren otsailaren 7an izango da, Los Angelesen.