Madonna, Shakira, Ronaldinho edo Ronaldo Nazario, izar nagusiak Super Bowl kutsuko Munduko Kopako finalean
Justin Bieberrek Everyyhing Hallejujah interpretatu zuten, gitarraz lagunduta. Harmailetan beste izar batzuk zeuden; hala nola Beyonce, Dua Lipa, Rihanna, Timothée Chalamet eta Matt Damon.
Ronaldinho, Madonna eta Ronaldo Nazario, Munduko Futbol Txapelketako finalean. Argazkia: EFE
FIFAk atzo Munduko Kopako final bateko atsedenaldia AEBko Super Bowlekoaren antzeko musika-ikuskizun handi bihurtu zuen, lehen aldiz. Hamabost minutuan, ikuskizunak Shakira, Madonna, BTS eta Justin Bieber bildu zituen agertoki berean.
Atsedenaldiko ikuskizuna, Estatu Batuetako kirol-ekitaldi handietan errotutako tradizioa, berrikuntza izan da Munduko Kopan. Horren ondorioz, Argentina eta Espainiaren arteko finaleko atsedenaldia ohi baino luzeagoa izan zen (15 minutukoa izan ohi da).
Guztira, 27 minutu igaro ziren jokalariak lehen zatia amaitutakoan zelaitik irten zirenetik bigarren zatia hasi zen arte.
Shakira eta Dai Dai
Ikuskizuneko unerik txalotuenetako bat Shakirak eta Burna Boy abeslari nigeriarrak Dai Dai Munduko Kopako abesti ofizialaren interpretazioa izan zen. Biek MetLife estadioa dantzan jarri zuten. Haiekin batera aritu ziren Dai Dai Challenge lehiaketako irabazleak eta Ugandako Ghetto Kids taldea, sare sozialetan biral bihurtutako koreografiengatik ezaguna.
Halaber, Madonnak ere parte hartu zuen, agertokira Ronaldinho eta Ronaldo Nazariorekin batera iritsita. BTS taldea ere aritu zen, eta Justin Bieberrek Everything Hallelujah interpretatu zuen, bere gitarraz.
Agertokiaren albo batean, Gustavo Dudamel orkestra-zuzendari venezuelarra agertu zen, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin eta Venezuelako Simon Bolivar Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Izarrak harmailetan
Harmailetan ere nazioarteko hainbat izar izan ziren, besteak beste, Beyoncé, Dua Lipa, Rihanna, Timothée Chalamet eta Matt Damon. Halaber, Sesame Street saioko pertsonaiek eta PS22 gazte-abesbatzak ere parte hartu zuten ikuskizunean.
Pirotekniaz lagundutako emanaldiak FIFA Global Citizen Education Fund funtsa sustatzeko ere balio izan zuen. Ekimen horren helburua haurrentzako hezkuntza-proiektuak eta kirolerako sarbidea finantzatzea da.
Partidaren aurretik, Munduko Kopako amaiera-ekitaldian Post Malone izan zen protagonista, Tom Cruise aktorearekin, Robbie Williams eta Laura Pausini abeslariekin eta IShowSpeed eduki-sortzailearekin batera. Gainera, Mario Kempesek eta Andres Iniestak garaikurra aurkeztu zuten hasierako txistua jo aurretik.
Bestalde, Emmy, Grammy, Oscar eta Tony sariak irabazitako Jennifer Hudsonek Estatu Batuetako ereserki nazionalaren bertsio berezi bat interpretatu zuen neurketa hasi aurretik.
Ikuskizunaren ekoizpena Global Citizen erakundearen esku egon zen, Live Nation eta Done + Dusted enpresekin elkarlanean, eta Chris Martin Coldplay taldeko buruak zuzendu zuen artistikoki.
Zure interesekoa izan daiteke
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko