Jazza ozen Donostian, Pat Metheny, Diana Krall eta Marcus Millerren eskutik
Donostiako 61. Jazzaldiak 77 kontzertu eskainiko ditu uztailaren 22tik 26ra, horietako 47, doakoak. David Murrayk, Joe Lovanok eta, jaialdia gidatuko duen azken urtean, Miguel Martín zuzendariak jasoko dituzte Donostiako Jazzaldia sariak.
Donostiako 61. Jazzaldiak musikaz blaituko du hiria uztailaren 22tik 26ra. Hamabi agertoki paratuko dituzte Donostian, guztira 77 kontzertu egiteko; horietako 47, doakoak, eta 30, euskal taldeenak.
Kursaal Auditorioan lau hitzordu oso handi izango dira uztailaren 23, 24, 25 eta 26an: Samara Joy (18:30), Nils Petter Molvaer (18:30), Pat Metheny Side-Eye III+ (18:30) proiektuarekin eta Diana Krall (17:30); azken bi emanaldietarako sarrerak (70 euro) agortuta daude.
Trinitate plazan, bestalde, hau izango da egitaraua: David Murray + Joe Lovano’s Paramount Quartet (uztailak 23, 21:00), Azar Lawrence + Cécile McLorin Salvant (uztailak 24, 21:00), Charles Tolliver + Marcus Miller (uztailak 25, 21:00, sarrerak agortuta) eta Vincent Peirani + Erik Truffaz & Antonio Lizana.
Marcus Millerrek We Want Miles!, eta Erik Truffazek eta Antonio Lizanak New Sketches of Spain kontzertu bereziak eskainiko dituzte Miles Davisen omenez. Azar Lawrencek eta Charles Tolliverrek, berriz, John Coltrane omenduko dute.
Doako programazioan, Frigo gunean eta Fnac gunean, Lisa Ono, Annie & The Caldwells, Marco Mezquida, Boskote Astor Piazzolla, The International Classic Jazz Allstars eta Amphitrio arituko dira, besteak beste.
Zurriolako hondartzan, gainera, ETS (uztailak 22 23:30), Kokoshca (uztailak 24, 21:00), Nøgen (uztailak 25, 21:00) eta Hofe (uztailak 25, 23:30) euskal proposamenez gozatu ahalko da, besteak beste.
Donostiako Jazaldia sariak David Murray eta Joe Lovano saxofonistek eta Miguel Martinek, 1984tik 2026ra Jazzaldia zuzentzeko arduradunak, jasoko dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Igor Arzuaga musikaria zendu da