Amaia Aberasturi: "Oso pozik nago 'Akelarre'n egindako lanarekin"
“Zigortzaileak” eta “Vitoria, 3 de marzo” pelikulak egin ondoren, Amaia Aberasturi (Gautegiz Arteaga, 1997) aktorearen bizitza errotik aldatu da. Anaren, “Akelarre”ko (2020) emakume gazte libreen taldeko buru karismadunaren, larruan egindako lanak aseta utzi du, bere buruarekin oso zorrotza den arren, eta argia dirudi interpretazio benetan aipagarri horrek bultzada handia emango diola zinemagintzan hartu beharreko bideari.
Harekin hitz egin dugu.
Zorionak izendapenagatik, Amaia! Espero zenuen? Non eta nola jakin zenuen horren berri eta zelan hartu duzu albistea?
Eskerrik asko! Egia esan, ez nuen espero. Aktore berri onenaren atalera ezin nintzen aurkeztu, “Vitoria, 3 de marzo” pelikula egin nuenean izan bainintzen hautagai, eta aktore protagonista onenaren izendapena oso urruti ikusten nuen.
Izendatuen berri eman zutenean, Bartzelonan nengoen lanean, proiektu baterako entsegu batean, eta familiari esan nion adi egoteko baina ez nuela ezer espero. Ahaztu egin zitzaidan, eta lanean aritu nintzen: pasatu ziren hamaikak, hamaika eta erdiak… Eta, bat-batean, telefonoa argia egin eta egin ari zela konturatu nintzen.
Telefonoa hartu nuen, eta agentearen deiak ikusi nituen, gurasoenak, lagunenak… Whatsappa ere beteta nuen, “Zorionak, Amaia” esaten zuten mezuekin. Nik pelikularengatik izango zela pentsatu nuen orduan, baina, nire izendapena eta pelikularen beste zortziak ikusi nituenean, oso-oso pozik jarri nintzen.
Zer garrantzi maila ematen diezu sariei? Pentsatzen duzu horietan?
Tira, ni lanean nagoen momentuan ez dut horretan pentsatzen. Niri lana gustatzen zait, errodatzea, pertsonaia bat sortzea… Baina egia da kasu honetan Goyak edo beste sari batzuek ikusgaitasuna ematen dizutela, eta zentzu horretan bai ematen diet garrantzia. Azkenean, honi esker lan gehiago edukiko badut eta, nahiz eta denok dakigun oso gaitza dela, honetaz errazago bizi ahalko banintz, orduan bai iruditzen zaizkit garrantzitsuak.
Patricia Lopez Arnaiz (“Ane”), Kiti Manver (“El inconveniente”) eta Candela Peña (“La boda de rosa”) dituzu lagun emakumezko aktore protagonistaren sailean. Ikusi duzu haien lana?
Bada, ez. Ez dut ikusi beraien lana. “Ane” zineman ikustera joateko nintzela, herriz herriko konfinamendua etorri zen, eta ikusi barik geratu nintzen. Gero, nire inguruko zinemak itxi zituzten, eta orain ere ezin naiz joan. Ez dut ikusi, beraz.
Beste biak ere ez ditut ikusi. Horietako bat Movistarren dagoela ikusi dut, eta aste honetan ikusiko dut. Dena dela, denak ikusten saiatuko naiz, beraien lana baloratzeko eta zer egin duten ikusteko.
"Akelarre". Argazkia: David Herranz.
2020ko zer film edo antzezpen azpimarratuko zenituzke, zuk ikusi dituzunen artean?
Aurten, konfinamenduaren ostean zinemara joan nintzen lehen aldian “Tenet” ikusi nuen, eta gustatu egin zitzaidan.
Anaren paperak pisu handia du “Akelarre”n, eta denetariko egoerak gorpuztera eraman zintuen: kantatu, tentsio dramatikoa, umore puntuak... Nola landu zenuen pertsonaia Pablo Aguerorekin?
Hasiera batean, Pablok nahi zuen neskak aktoreak ez izatea, baina, zuk esan duzun bezala, Ana oso pertsonaia konplexua da, emozio pilo batetik pasatzen da eta arku handia dauka. Orduan, konturatu ziren oso zaila izango zela aktore izan gabe lan hori egitea.
Castingeko gidoiaren bi orrialdeak jaso nituenean, oso argi eduki nuen nolako izango zen Ana. Otsoa erabili nuen inspirazio moduan: begirada… Anak begirada oso potentea izan behar zuela jakin nuen, eta hori erabili nuen epaiketan, epailea larderiatzeko, adibidez.
"Akelarre". Argazkia: David Herranz.
Asko entzun nuen ere. Eszenan nengoela besteek ziotena entzun, besteen begiradak jaso… Eta komedia puntua nik proposatu nuen. Gidoiak ez zeukan hasieran, baina neska alaia izan behar zela iruditzen zitzaidan, umore puntu hori atera behar zuela nahiz eta bere bizitza jokoan egon.
Nolako harremana duzu zuk egindako filmekin eta zuk bertan egindako lanarekin? Oso zorrotza zara zeure buruarekin?
Lehen gehiago ikusten nituen. Aurreko pelikulak asko ikusten nituen gero, DVDan eta bakarrik, jendea dagoenean lotsatu egiten naizelako.
Eta bai, oso gogorra naiz neure buruarekin, oso-oso gogorra. Baina “Akelarre”n egindako lanarekin oso pozik nago, gustatu egin zait. Egia da hemendik urtebetera berriz ikusten badut zerbait aldatuko nukeela, baina orain oso pozik nago nire lanarekin eta ez dut asko ikusi. Azkeneko aldiz, Zinemaldian ikusi nuen, hiru edo lau bider guztira.
“Akelarre” aurrerapauso handia izan da zure ibilbidean. Ia 45.000 pertsonak ikusi dute filma, Feroz eta Goya sarietara izendatuta zaude, Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zenuten… Zelan bizi izan duzu bizimodu aldaketa hau?
Alde batetik, oso pozik nago. “Akelarre”ko pertsonaia sortzeak denbora pila bat eskatu dit, zaila egiten da, eta gauza hauek guztiek, izendapenak eta Donostian egoteak, errekonozimendua ematen dizu. “Zure lana ondo egin duzue” esateko modu bat da.
Bestalde, bizimodua bai aldatzen da apur bat. Nik egunero lehengo gauza berberak egiten ditut, nire gauzak etxean, nire txakurrekin ibili eta hori dena, baina bizitzaren ikuspuntua bai aldatzen da. Niri ez zitzaidan sekula burutik pasatuko Goyetan zer jantziko dudan pentsatzen egongo nintzela. Tontakeriak dira, baina hala da.
Amaia Aberasturi, Donostiako Zinemaldian. Argazkia: Efe.
Eta disfrutatzen duzu?
Bai, bai. Oraingoz, bai. Ni oso pozik nago. Gustatzen zait nire lanari buruz hitz egitea, dibertigarria iruditzen zait. Eta Goyetan pentsatzen, “Akelarre”ko beste zortzi izendatuekin hitz eginda, denok gaude antzera, ilusio askoz. Denok hartu dugu eskuak zabalik aukera hau.
Nahiz eta gala arraroa izango den, zer asmo dituzu martxoaren 6ko galari begira?
Oso arraroa da dena. Feroz sariak ere atzeratu dituzte, eta Goyen aste berean izango dira. Beldur apur bat ematen du, ez ote den egingo edo data berriz aldatuko dute. Gure lanbidean oso zaila da tarteak aurkitzea. Ni orain proiektu batean lanean hasiko naiz, kanpoan, eta astebetean bi egun libratu beharko ditut. Ez dakit egin ahalko dudan… Apur bat kaotikoa da.
Pena da. Nire lehenengo aldia, eta horrela. Baina horrela izan behar du. Ulergarria da.
“Akelarre”ren ondoren, “Nora” filmean paper txiki batean ikusi zaitugu. Baduzu beste proiekturik esku artean?
Ilusio handia egin zidan “Nora”ko paperak, parte-hartze txikia izan arren. Emozio eta ilusio handia daude proiektu horretan.
Eta orain beste proiektu batean nago, baina ezin dut ezer esan. Nahiko potentea dela bakarrik esan ahal dut, eta oso pozik nago. Espero dut laster zerbait gehiago esan ahal izatea, eta ea laster hitz egin ahal dugu horren inguruan.
Albiste gehiago zinema
Mundu mailako zazpi estreinaldi izango dira Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saileko 23 filmen artean
Zinemaldiak Zabaltegi-Tabakalera sailaren programa osoaren berri eman du ostegun honetan, ohar baten bidez. 15 film luze, 6 film labur eta iraupen ertaineko 2 film eskainiko dituzte sail horretan, Lucile Hadzihalilovic, Luis Ortega, Hlynur Palmason, Paz Encina, Luis Ortega eta Harris Dickinson zuzendariek sinatutakoak, besteak beste.
Dominga Sotomayorrek Horizontes Latinos irekiko du, "Limpia" filmaren mundu mailako estreinaldiarekin
Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos saila Dominga Sotomayorren "Limpia" lanaren mundu mailako estreinaldiarekin hasiko da, eta Diego Cespedesen "La misteriosa mirada del flamenco" lanarekin emango zaio amaiera.
"Rondallas" eta "Hasta que me quede sin voz" filmak estreinatuko dira Belodromoan
Gainera, Go!azen telesailaren 12. denboraldiko lehen atalaren bi emanaldi eskainiko dira, lehenengoz. Sarrerak astearte honetan jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan.
"Made in Spain" sailak 28 titulu aurkeztuko ditu Zinemaldian
Ana Lambarri eta Julio Medemen filmak ikusi ahal izango dira, "Todo lo que no sé" eta "8", Malagan estreinatuak. Gainera, EITBren partaidetza duten ekoizpenak programatu dira: Helena Tabernaren "Nosotros" eta Arantxa Echevarriaren "La infiltrada".
'Maspalomas' filmak badu kartel ofiziala
Aitor Arregik eta Jose Maria Goenagak zuzendutako film luzeak zahartzaroari eta homosexualitateari buruzko istorio bat kontatzen du. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da irailaren 26an, eta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da.
'Karmele' Asier Altunaren film berriaren trailerra, esklusiban
Karmele Asier Altuna zuzendariaren (Amama, Aupa Etxebeste!, Agur, Etxebeste) film luzea urriaren 10ean estreinatuko da. EITBren parte-hartzea duen filma Donostiako Zinemaldian ikusiko da lehenago, nolanahi den, Sail Ofizialaren barruan baina lehiatik kanpo, proiekzio berezi batean. Fikziozko filma Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uriberen eleberrian oinarrituta dago, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy ditu protagonista eta Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran daude antzeztaldean.
Europa, Asia eta Costa Ricako zinemagile hasiberriek osatzen dute New Directors saila
Jonatan Etzler suediarrak, Yukari Sakamoto japoniarrak eta Seyhmus Altun kurduak, besteak beste, bat egingo dute Irati Gorostidi Agirretxe nafarraren eta Jose Alayon kanariarraren proposamenekin.
Biba Zinema eta Lege Berriak!
Begoña del Tesok gaur egun zinema kontsumitzeko moduaren analisia egin du.
Marisa Paredes omenduko du Zinemaldiak 73. edizioko kartel ofizialean
Bestalde, gaur jakitera eman da Esther Garcia ekoizleak jasoko duela aurtengo Donostia sarietako bat, "Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintza nazioartekotzeko egin duen lanagatik".
‘Zeru Ahoak’, Almandozen azken lanaren lehen irudiak aurkeztu dituzte
Lau ataleko serie noir laburra da eta Nagore Aranburu aktore azpeitiarra da protagonista. Orain ikusi ez den Bilbo erakustea da asmoa. Donostia Zinemaldiaren 73. Edizioko Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan hartuko du parte.