Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Chuck Norris, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Chuck Norris, arte martzialetako maisua eta akziozko pelikuletako izarra, hil da. Familiak eman du horren berri, Faceebok sare sozialean argitaratutako ohar baten bidez. 86 urte zituen.
"Tristura handiz, familiak jakinarazi nahi dizue atzo goizean gure Chuck Norris maitea hil zela. Pribatutasuna mantendu nahi dugun arren, jakin ezazue familiak inguratuta eta bakean hil dela", adierazi dute oharrean.
1940ko martxoaren 10ean jaio zen Norris, Oklahoman, eta zinemaren munduan egin zituen lanek lotura estua izan dute arte martzialekin. Ameriketako Estatu Batuetako Aire Armadan izena eman ondoren, Koreara bidali zuten, eta han hasi zen arte martzialetan trebatzen. Etxera itzuli zenean, bere akademia ireki zuen eta pisu ertaineko munduko txapeldun izan zen karate modalitatean. Horrela, Bruce Leek El furor del dragón pelikulan lan egiteko aukera eman zion.
Besteak beste, Furia silenciosa (1982), McQuade, lobo solitario (1983), Desaparecido en combate (1984), Invasión USA (1985) eta Delta Force (1986) filmetan lan egin zuen. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.