Lara Izagirre “Yerma”ren bertsio garaikide eta urbanoa filmatzen ari da euskaraz
Zinemagilearen hirugarren film luzearen protagonistak Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira, eta Maria Goiricelayarekin batera dago idatzita, Lorcaren lan hori antzerkirako arrakastaz moldatu zuen antzerkigilearekin.
Lara Izagirre Garizurieta zinemagilea (Zornotza, 1985) Yerma filmatzen hasi da; bere hirugarren film luzea da, Un otoño sin Berlín eta Nora filmen ondoren. Federico García Lorcak 1934an estreinatu zuen antzezlanaren bertsio garaikide eta urbanoa izango da, eta euskaraz ari dira filmatzen.
Apirilaren 27an, astelehenarekin, hasi ziren Ane Pikaza eta Aitor Borobia protagonista izango dituen pelikula filmatzen, eta zazpi astez jardungo dira lan horretan, Bilbon eta Evia Greziako uhartean.
Izagirrek berak idatzi du pelikula, Maria Goiricelayarekin, Lorcaren lana antzerkirako egokitu zuen antzerkigilearekin, batera, eta antzeztaldean, Pikaza eta Borobia ez ezik, Loli Astoreka, Leire Orbe, Naiara Carmona eta Aritz Kortabarria ere ageri dira.
Amatasunaren eta antzutasunaren gaineko presio soziala eta ugalketa lagunduaren dilema etikoa hartzen ditu hizpide, besteak beste. Marak, 36 urteko emakumeak, Eskulturako irakasle postu finkoa lortu berri du unibertsitatean. Jon bikotekidearekin etxe berria estreinatu ondoren, espero den egonkortasuna lortuta, ama izateko desioa gero eta indartsuagoa da berarentzat.
Yermak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesa du, baita EITBren parte-hartzea ere.
Zure interesekoa izan daiteke
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da