Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Crossover kultura jaialdiaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: EFE
Crossover jaialdia gaur abiatuko da Donostian, eta larunbatera arte iraungo du, telesailen mundua ardatz duen programazioarekin. Bederatzigarren edizio honek publiko guztientzako jarduerak biltzen ditu, baita entretenimendua eta telebista formatuaren gorakadari buruzko hausnarketarako tartea ere.
Kultura Sailak Kultur Factoryrekin elkarlanean antolatu du jaialdia, eta Santa Teresa Komentuan (Koldo Mitxelena Kulturunearen egoitza) eta Tabakaleran egingo da, besteak beste.
Aste osoan zehar, elkarrizketak, estreinaldiak, mahai-inguruak, kontzertuak, fan zone bat eta proposamen gastronomikoak izango dira ikusgai. Guztira, 24 saio programatu dituzte, horietako zortzi euskaraz, telesailen fenomenoa hainbat ikuspegitatik jorratzeko asmoz.
Parte-hartzaileen artean Pantomima Full umorista bikotea dago, Alberto Casadok eta Roberto Fernandezek osatua. Lan munduan girotutako telesailei buruzko mahai-inguru batean hartuko dute parte, Mariona Teres aktorearekin batera. Marina Such kazetaria izango da moderatzailea.
Goizane Alvarez Kulturako foru diputatuak azpimarratu duenez, jaialdiak ikus-entzunezkoen munduaren inguruan “topaguneak eta hausnarketa sortzea” bilatzen du, kalitatezko edukiak eskaintzeaz gain.
Inaugurazio egunean, Gaizka Izagirrek zuzendutako Klaketa podcastaren programa berezia ere izango da, eta Nagore Aranburu eta Fariba Sheikhan aktoreek parte hartuko dute tarte horretan.
Gainera, Edorta Subijana sortzailearen Sobreexposición instalazio artistikoa ere ikusgai izango da jaialdian. Pantaila ugariko esperientzia bat proposatzen du, telesailen egungo kontsumoari buruz hausnartzeko.
Crossover ikusleen eta profesionalen arteko topagunea da, telesailek egungo gizartean duten eragina aztertzeko, entretenimenduari uko egin gabe.