Jules Mamonek "bestetasun, singulartasun eta munstroaren figuraz" jantzi du Zinegoaken kartela
Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, aurtengo edizioaren irudia aurkeztu du. Ekainaren 22tik 29ra, jaialdiak “bestetasuna, singulartasuna eta munstroaren figura aldarrikatuko ditu ez-normatibitatearen metafora gisa”, haren arduradunek azaldu dutenez.
Alaitz Arenzana Zinegoaken zuzendariak azaldu duenez, jaialdiak “historikoki bestea izendatu izan dena eztabaidaren erdian jartzea" proposatzen du. Ideia horiek bildu nahi izan ditu Jules Mamone argentinarrak aurtengo kartelean.
Zinegoak ekainaren 22tik 29ra egingo da, Bilboko hainbat espaziotan, besteak beste, Azkuna Zentroan, Golem Alhondigan, Bilborocken, Bilboko Guggenheim Museoan, Arriaga Antzokian, 6. pabiloian, BBK Aretoan, Muxikebarrin (Getxo), La Sinsorgan, Bira Kulturgunean eta Sarean-en. Ekainaren 22an, astelehena, inaugurazio-gala egingo da, Arriaga Antzokian.