Mariana, Ariana, aretoetan espero zaituztegu
Samanta Schweblin, Gabriela Cabezón Cámara, Camila Sosa Villada, María Gainza, Selva Almada, Leila Guerriero, Ana María Shua, gehi, nola ez, Mariana Enriquez eta Ariana Harwicz. Kontu jakina bezain harritzeko moduko bat jarriko dizuet begi aurrean: Argentinako emakume idazleak gailurrean daude; beraiek eta ez beste inork ireki, urratu, zapaldu dute bidea. Ez zen bide samurra, munstroak zeuden, erne eta prest, ertzetan…
Bidegurutzeak bidegurutze, xendaren amaian gailurra zegoen, tontorra. Igo ziren haraino eta hor daude egun, Latinoamerikako eta mundu osoko literaturaren apurtzaileak, menderatzaile hutsak, Elurretakoa bezain erregina perilosak. Beraiek jarri izan dituzte baldintzak, beraiek markatu noranzkoa, beraiek estiloa ezarri, El huésped edo La hija única idatzi dituen Mexikoko Guadalupe Nettelen onespen eta konplizitatearekin. Zergatik? Markaz fuerakoa baita, nork ukatuko?
Aipatutako kreatura eme guztiek sorturiko unibertsoak aztoragarriak dira oso. Ez zara batere eroso sentitzen beren idatzietan sartzen zarenero. Zerbait ezezagunak (edo kontrakoa, okerragoa ere, oso ondo ezagutzen duzun horrek) erraietan zein burmuinean egiten dizu koska, urratu, erre, ziztatu. Sekula ez zaude lasai, trankil, bare, emakume horiek idatzitako orrialdeetan. Baina tentazio ilunenak garaitzeko modu bakarra bertan erortzea da; ederki zekien hori Oscar Wildek.
Ez da harritzekoa zinema beren lanen atezuan izatea. Zinemak jana, bazka, behar du etengabe, pelikulero. Zinema ehiztari aseezina da, eta badira zeluloide bihurtuko den ehiza horren eraikitzaile gisa ibiltzen direnak: futboleko klub handienek ere ez dauzkate zinemak dituen bezalako ikuskatzaile finak. Ezta pentsatu ere.
Ezinbestekoa zen. Noraezekoa. Baitezpadakoa. Berandu baino lehen, esploratzaile horiek aipatu autoreen lanari erreparatu behar. Erreparatu eta berandu baino lehen, nobela eta kontakizun horiek zinema bihurtzeko eskubideak erosi, ondo pagaturik.
Adibiderik nahi? Bi jarriko dizkizuet. Oso hurbilak, gainera. Ez duzue zertan penatu, luzatuko ditudan liburuak liburu-dendetan dituzue. Baita zuen etxe ondoko liburutegietan ere. Eta liburu horietatik sortutako pelikulak udazkena bukatu baino lehen izango dira pantailetan.
Ariana Harwiczek 2012an kaleratu zuen gurean Perder el juicio nobela garratz- garratza, arantzaduna, sosegurik eskaintzen ez diguna. Bertan, Rachel Cuskek bere A Life's Work: On Becoming a Mother (Un trabajo para toda la vida) saiakeran egin zuen bezala, ama izatearen dohainak eta alegrantziak jarri zituen dudatan. Nobelaren protagonista psikopata hutsa bilakatzen da (ez ahaztu, gutako batzuok psikopatak ditugu begiko, lagun eta bidelagun…) erditu eta gero. Pasako dira hilabeteak baina amatasunak eragindako ajeek (fisikoak, psikikoak) hor diraute, min emanez.
Martin Scorsesek berak izan zuen nobela latz eta goibel eta eder eta polemiko horren berri, segituan eraman baitzuten ingelesera. Excellent Cadaver izeneko ekoiztetxea duen Jennifer Lawrence aktoreari pasa zion egun gure kaleetako erakusleihoetan Mátame, amor izenburua hartu duen nobela, eta biak bat etorri: zinemara ekarri behar zuten. Ariana Harwiczen tragedia beldurrezko, tentsiozko, intrigazkoaren fotogrametako bertsioa Die My Love izenburupean estreinatu zen Cannesen, eta hilaren 25ean, 26an eta 27an izango da ikusgai Donostiako Zinemaldian, hortxe jasoko baitu Jenniferrek Donostia Saria.
Nolako pelikula den? Izugarria. Balenta, oldarkorra. Ezeri ez dio iskin egiten. Ez da harritzekoa, zuzendaria ezeri beldur ez dion Eskoziako emakume bat baita, Lynne Ramsay.
Mariana Enriquez iaioa da oso izenburuak asmatzen: Las cosas que perdimos en el fuego, Los peligros de fumar en la cama, Nuestra parte de la noche… Marianak izua du gogoko. Munstroak ere bai, baina ez ditu bere kontakizunak Karpatoetan edo Parisko katakonbetan kokatzen, baizik eta berak ezin hobeto ezagutzen dituen parajeetan, Argentinako hirietako karriketan. Ez du derrigorrezkoa giro ikaragarria sortzea. Ez, aberriak berak doan jartzen dio paisaia bere izu kontakizunetarako.
Mariana hartuko dugu hilaren 17an Donostian, badator gurera bere lanaz franko, luzez eta patxadaz berba egitera. Baita Laura Casabek pantailara egokitu duen La Virgen de la Tosquera-z ere. Ahoa bete hortz utziko zaituzte filmak, zeinak Carrie ekarriko dizuen bihotzera, zeinak David Lynchek zituen filmatzeko moduak begietara ekarriko ere…
La Virgen de la Tosquera filmak bi ipuin bero eta ero egokitu ditu, izen berekoa eta dardaraz uzten zaituen El carrito. Laura eta Marianaren filma gurean izango da azaroa hasi berritan…
Paperezkoa da askotan zinema. Eta zeluloidezkoak dirudite maiz liburuek…
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
“Palestine 36” filmak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
Apirilaren 23tik 30era 23. edizioa egingo duen jaialdiko pelikuletan hizpide hartuko dituzte, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten zeregina, larrialdi klimatikoa, prekarietatearen feminizazioa eta pertsona transek landa giroan duten egoera.
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.