Robert Duvall aktorea zendu da, 95 urte zituela
Apocalypse Now eta Aitajauna filmetako aktore ospetsua igande gauean hil zen, Virginan, Luciana Duvall haren alargunak iragarri duenez. 2003an, Donostia saria eman zion Zinemaldiak.
Robert Duvall, Apocalypse Now, Aitajauna eta beste hainbat film mitikotako aktorea, igande gauean hil zen, Middleburgeko (Virginia, AEB) bere etxean, 95 urte zituela, Luciana Duvall haren alargunak zabaldu zuenez, familiarteak inguratuta.
Zazpi aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako, eta 1983an lortu zuen saria, Tender mercies filmean country kantari ohi etxegabe batena egiteagatik. Duvallek oholtzan abiatu zuen bere ibilbide arrakastatsua, telebistan jarraitu zuen eta, azkenik, arrasto sakona utzi zuen zinemagintzan.
Robert Duvall 1931ko urtarrilaren 5ean jaio zen, San Diegon, eta Urretxindor bat hiltzea filmean (Robert Mulligan, 1962) egin zuen zinemako debuta, telebistan lan egiteari utzi gabe.
Aitajauna (Francis Ford Coppola, 1972) filmean Tom Hagen abokatuarena, corleonetarren consigliere-arena egiteagatik, izendatu zuten lehenengoz Oscarretarako, eta Aitajauna IIk nazioarte mailako ospea ekarri zion.
Ford Coppolaren Apocalypse Nown elkartu zen ostera ere, Bill Kilgore teniente koronelarena egiteko orduan. Betikotu egin den esaldi bat bota zuen paper horretan: “Atsegin dut napalm usaina goizetan”.
Oscar sariaz gain, Bafta sari bat, Urrezko lau Globo, bi Emmy eta SAG Zinemako Aktoreen Sindikatuaren sari bat bildu zituen Duvallek.
2005ean, George W. Bush presidenteak Arteen Domina Nazionala eman zion Etxe Zurian.
Zure interesekoa izan daiteke