Uribetxebarriak urtebetean hiltzeko % 90eko probabilitatea du
Josu Uribetxebarria ETAko presoaren egoeraren inguruko medikuen txostenaren arabera, "dagoen egoeran, gaixoen erdiak baino gehiago bederatzi hilabete pasatu baino gehiago hil ohi dira, eta urtebetera bizirik egoteko aukera % 10ekoa da".
"Gaixoaren pronostikoa oso larria da. Zientziako literatura erabiliz gero, prozesuak ez du atzera bueltarik ", dio ostegun honetan Osakidetzako Batzordeak egindako dokumentuak.
Modu honetan, presoak kartzelatik irteteko Espetxeak ezarritako baldintza betetzen du, 2000 urtean medikuen txosten bat bidaltzeko irizpideak jartzen diren gutun baten arabera. Horrek dioenez, preso bat kartzelatik kanpo utziko dute, tratamendua jaso arren, hiltzeko arriskua urtebetean % 10 baino handiagoa bada eta bost urtean % 50 baino handiagoa bada.
Gutun hori Angel Yuste Espetxeetako zuzendari nagusiak idatzi zuen 2000ko urtarrilaren 11n.
Barne Ministerioak gaur erabakiko du hirugarren gradua eman edo ez
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak aurreratu du Espetxe Zuzendaritzak ostiral arratsaldean erabakiko duela Josu Uribetxebarria ETAko presoari hirugarren gradua ezartzen dion. Presoak minbizi sendaezina dauka, eta gose-greban dago, aske uztea eskatzeko.
Hirugarren gradua ezartzea, hain justu, baldintzapeko askatasuna emateko lehen urratsa da.
TVEn egindako elkarrizketan, ministroak salatu egin du ezker abertzaleak ez duela "inolako errukirik" agertu Jose Antonio Ortega Lararen aurrean (Uribetxebarria bahitzaileetako bat izan zen).
Fernandez Diazek zehaztu duenez, Espetxe Zuzendaritzaren Tratamendu Batzordeak bihar goizean aztertuko du hirugarren gradua eman edo ez, eta arratsaldean Idazkaritza Nagusiak erabakia hartuko du.
Espetxe Zuzendaritzak hirugarren gradua ezartzea erabakitzen badu, helburua baldintzapeko askatasuna ematea izango dela gaineratu du Barne ministroak.
Azken hitza, baina, Espetxeratuen Zaintzako Epaitegi Zentralak izango du, eta horrek astelehenean jasoko du txostena.
Pedraz epaileak hirugarren gradua eskatu du
Ministroaren hitzak heldu baino lehenago, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Josu Uribetxebarria ETAko presoari hirugarren gradua ezartzea aztertzea eskatu dio Espetxe Zuzendaritzari.
Uribetxebarriaren abokatuak aurkeztutako idatziei erantzunda gaur publikatutako probidentzia batean, epaileak Espetxe Araudiko 104.4. artikulua ezartzeko eskatu du, betiere baldintza guztiak betetzen badira.
Artikulu horrek "kasu bereziak" aipatzen ditu, eta gaixotasun larri sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua ezartzea ahalbidetzen du, "arrazoi humanitarioak eta duintasunezkoak" tarteko.
Halaber, epaileak "txosten mediko gaurkotuak" igortzeko eskatu dio Espetxe Zuzendaritzari, Auzitegi Nazionaleko Klinikak txosten bat egin ahal izateko.
Pedraz goardiako epailea da aste honetan, eta Jose Luis Castro Espetxeratuen Zaintzako epailea ordezkatzen ari da.
Uribetxebarriak lasaitasuna eskatu du
Josu Uribetxebarriak lasaitasuna eskatu du, bere abokatuak Gara egunkariari eta naiz.info-ri bidalitako ohar batean.
"Eskaera argi bat egin nahi diot mundu osoari: mesedez, ni hemendik irten ala ez, zorakeriarik ez egin. Inon", azaldu du.
Uribetxebarriaren anaiak lehenbailehen aske geratzea eskatu du
Javier Uribetxebarria, ETAko presoaren anaiak, bere anaia lehenbailehen aske uztea eskatu du ostegun honetan Bilbon. Halaber, presoak ez duela gose-greba bertan behera utziko nabarmendu du, aske geratu arte.
"Ostiralean bada, astelehenean baino hobeto", azpimarratu du aske geratu daitekeen egunaren inguruan, Etxerat-en (ETAko presoen senideen elkartean) bileran parte hartu baino lehen Mikel Arana Ezker Anitzaren koordinatzaile nagusiarekin.
Bi atxiloketa protesta batean
Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu, Espainiako Gobernuak Donostian duen Ordezkaritzaren hesietara kateatzeagatik.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertakizuna 17:25ean izan da. Bi patruila hara joan dira, kateak moztu dituzte, eta gazteak atxilotuta eraman dituzte.
Herrira ETAko presoen aldeko elkarteak azaldu duenez, protesta ekitaldia 17:00etan hasi da, eta kateatu diren bi gazteak ez ezik, beste 60 pertsonak ere hartu dute parte, Uribetxebarria askatzea eskatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Etchegarayk eta Blancok Baionako eta Biarritzeko alkate kargua hartuko dute gaur
Atzo, aldiz, Kanboko eta Hendaiako aginte makila jaso zuten Peio Etxelekuk eta Kotte Ecenarrok. Bigarren itzulian aukeratutako alkate karguak hartuta, argitzeke dagoen bakarra da Euskal Hirigune Elkargoko presidente izateko hautagaiak nortzuk izango diren.
Aena aztertzen ari da Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egin duten akordioaren aurkako neurriak hartzeko aukera
Enpresa publikoak azpimarratu duenez, aldebiko organo berria "aholku-emailea besterik ez da izango" eta ez ditu bere eskumenak aldatuko. Gainera, ohartarazi du arriskuan jar daitekeela legedia, egungo araudiaren mugak gainditzen badira.
Torresek ontzat jo ditu itunak, eta "Konstituzioa, Estatutua eta legedia" errespetatzen dituztela esan du
Angel Víctor Torres ministroak Aldebiko Batzordearen bilera "produktiboa" izan dela esan, eta aurrez egin den "lan handia" nabarmendu du. Bi administrazioek, gainera, etorkizunean industria, energia, osasun eta immigrazio alorretan, besteak beste, akordioak lortzeko negoziazioen ildoak ireki dituztela aurreratu du. Horren ustez, "akordioan, askatasun instituzionalean eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunean" oinarritutako lankidetza eredua finkatzen ari da.
Pradalesen iritzian,"akats politiko larria" da 'Guernica' ekartzeari atea ixtea kontserbazio txostena jasotze hutsagatik
Lehendakariaren arabera, Reina Sofia Museoaren ezezkoak ez luke nahikoa izan behar Pablo Picassoren margolana Bilboko Guggenheimera 9 hilabetez ekartzea baztertzeko. Guernica Euskadira ekarrita munduari "erreparazio" mezu bat bidaliko litzaioke, horren ustez, eta hori esan dio Pedro Sanchezi.
Lehendakaria: “Adostutakoa oso ona izango da euskal ekonomiaren lehiakortasunarentzat eta ongizatearentzat”
Egungo egoerak lankidetza erritmo handiagoa eskatzen duela esan du Imanol Pradales lehendakariak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin transferentzien inguruko akordioa lortu ostean.
Delituak errepikatzen dituztenei aplikatu beharreko irizpideak gogortzea adostu dute Pradalesek eta Sanchezek
Arma zuriak eramateagatik indarrean dagoen zehapen-araubidea indartu egingo da, aldaketak bultzatuko dira delituak errepikatzen dituzten delitugileekin erabili beharreko araudian, eta Ertzaintzak atzerritartasun esparruan parte-hartze operatibo "erabilgarria" izatea erraztuko da.
Euskadik aireportuen kudeaketan parte hartuko du, lehendakariak Pedro Sanchezekin adostu ostean
Bilkurak bestelako akordio batzuk ere ekarri ditu, hala nola herritarren segurtasuna hobetzekoak edo industria arloko enpresa ertain eta txikiei laguntzeko neurriak.
Pradales Sanchezekin bildu da Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertzeko
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa ere aztertuko dituzte. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Aldebiko Batzordearen laugarren bilera dute gaurkoa Moncloan.
Euskal Herria Bateraren ekitaldia
Lizarratik zuzenean, Aberri Egunaren ospakizun bateratua.
Albiste izango dira: Pradales-Sanchez bilera, Korrika eta 2026ko EITB Maratoiaren kausa
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.