Delituak errepikatzen dituztenei aplikatu beharreko irizpideak gogortzea adostu dute Pradalesek eta Sanchezek
Arma zuriak eramateagatik indarrean dagoen zehapen-araubidea indartu egingo da, aldaketak bultzatuko dira delituak errepikatzen dituzten delitugileekin erabili beharreko araudian, eta Ertzaintzak atzerritartasun esparruan parte-hartze operatibo "erabilgarria" izatea erraztuko da.
Pradales eta Sanchez, Moncloan. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilera egin dute gaur, eta segurtasun publikoa indartzeko neurriei buruzko akordioak ere lortu dituzte. Bileraren osteko agerraldian Pradalesek esan duenez, "hiru akordioak oso esanguratsuak dira Euskadiko kaleetako segurtasuna hobetzeko".
Delituak errepikatzen dituztenen kasuan, arauak aldatzea erabaki dute, "oraindik epai irmorik ez duten baina delituak egiten jarraitzen duten pertsonen aurrean" jardun ahal izateko. Epaileak kontuan hartu beharko luke puntu hori. Herritarren kezka gero eta handiagoa da segurtasunaren arloan, eta lehen aldiz lortu dute adostasuna gai horren inguruan.
Era berean, Armen Erregelamendua aldatzea adostu dute. Arma zuriak, baita txikiak ere, eramateko edo erabiltzeko debekua indartu egingo da. Establezimendu publikoetan, biltokietan eta abarretan izango du horrek eragina. Debekua erabatekoa izatea nahi da, eta ez arau orokor bat. Gainera, espazio horietan informazio-kartelak jartzeko eskakizuna jasoko litzateke erregelamenduan, halakoak toki horietan erabat debekatuta daudela ohartarazteko.
Hirugarren akordio bat ere itxi dute. Ertzaintzak atzerritartasunaren arloan "modu operatiboan parte hartzeko" eta krimen antolatuaren aurkako Europako datu-baseetara zuzenean sartzeko ahalmena izango du.