50 urte Montejurrako gertakarietatik: karlisten arteko talka, italiar neofaxistak eta… Estatuaren konplizitatea?
Karlismoaren barne-gatazka bat ez ezik, Montejurrako hilketen atzean botere postfrankistek bultzatutako konspirazio izan zen, eskuin-muturreko beste elementu batzuekin batera.
Monterjurrako gertakarien irudiak. Argazkia: EITB Media
Karlismoaren barne-gatazka bat ez ezik, botere postfrankistak bultzatutako konspirazio bat ere izan zen Montejurrako hilketen atzean.
Stefano Delle Chiaie neofaxista italiarraren izena Montejurrako gertakariei lotuta agertzea bera nahikoa zen susmoa pizteko: barne-gatazka bat baino gehiago, azpijoko eta interes ilun ugari izan ziren horren atzean. Denborak berretsi egin ditu susmo horiek. Karlismoaren adar ezberdinen arteko talka gisa aurkeztu zenak itzal handiagoko osagaiak zituen atzean, tartean Estatuaren esku-hartzea.
Stefano Delle Chiaie pertsonaia iluna izan zen, eskuin-muturreko militante eta kriminal ezaguna. Haren izena XX. mendeko azken hamarkadetako operazio eta ekintza bortitzenetako batzuei lotuta agertzen da. Kondor Operazioaren baitako Hego Amerikako diktaduren errepresio koordinatua, Italiako eskuin-muturraren ekintzak, Atochako abokatuen sarraskia… denetan ageri da Delle Chiaie, zuzenean edo zeharka
Latinoamerikako diktaduren estrategia kriminalean murgildu aurretik, Delle Chiaiek harreman estu bezain iluna izan zuen Euskal Herriarekin. 1970eko hamarkadaren amaieratik ETAren aurkako gerra zikineko hainbat ekintzatan parte hartu zuen, besteak beste Jean-Pierre Cherid Aljeriako OAS erakundeko kide ohiarekin batera. Aurrez, Montejurran izan ziren biak, 1976ko maiatzaren 9an, duela 50 urte.
Gertakariak
Garai hartako zenbait kronikak karlismoaren bi adarren arteko talka gisa aurkeztu zuten Montejurra. Batetik, Sixto Enrique Borboikoaren aldekoak; bestetik, Carlos Hugo Borboi-Parmakoaren jarraitzaileak. Espainiako trantsizio bortitzaren testuinguruan kokatutako auzi zaharkitua, hein handi batean gai dinastikoarekin lotua.
Comunion Tradicionalista erakundeari lotutako karlisten sektoreek —Sixto Enriqueren aldekoek— tiro egin zieten aurkariei, Montejurrako erromeria politikoaren testuinguruan. Eraso haren ondorioz, bi pertsona hil zituzten tiroz: Aniano Jimenez Santos eta Ricardo Garcia Pellejero.
Manuel Fraga Iribarne Gobernazio ministroak esan zuen bezala, “anaien arteko borroka” izan zen.
Haustura Karlismoan
Auziak, hala ere, osagai politiko argia zuen, urte haietan karlismoaren barruan gertatzen ari zen haustura politiko eta ideologikoarekin lotua. Comunion Tradicionalistaren inguruko sektoreak —Sixto Enrikeren aldekoak—integristak ziren: ultrakatolikoak, zentralistak eta erabat antikomunistak.
Aitzitik, Alderdi Karlistarekin lotutako sektorea gero eta nabarmenago ari zen lerratzen jarrera sozialista, autogestionario eta federalistetara. Langile mugimenduarekin eta antifrankismoarekin bat egin nahi zuen, eta, Euskal Herriaren kasuan, aldarri nazionalekin lotura estuagoak eraiki.
Montejurran, bi joeretako jarraitzaileek talka egin zuten. “Oriamendi abestu beharrean, Internazionala, Els Segadors eta Gora Euskadi oihukatzen zuten», jaso zuen El Correok argitaratutako kronika batek. Urteek, baina, erakutsi dute talka hura zuzendua eta manipulatua izan zela.
Konspirazioa
Santiago Belloch kazetariak 1998an argitaratutako liburu batek ‘Operacion Reconquista’ konspirazioaren berri eman zuen, iturri askoren testigantzetan oinarrituta.
Konspirazio haren helburua Montejurrako ekitaldiak leherraraztea eta karlismoaren adar ezberdinen arteko talka piztea zen. Estrategiaren xede nagusia karlismo sozialista eta autogestionarioa ahultzea zen, eta, aldi berean, Sixto Enrique Borboikoaren inguruko mugimendua monarkiaren eta botere postfrankisten orbitara hurbilduz.
Planak Carrero Blancok sortutako SECED zerbitzu sekretuen laguntza izan zuen, eta Manuel Fraga ministroaren eta Carlos Arias Navarro gobernuburuaren oniritzia ere bazuen.
Bellochek zabaldutako planteamenduak indarra irabazi du denboraren poderioz. 2023an, ‘Ruiz de Gordoaren paperek’ (Jose Ruiz de Gordoa Nafarroako gobernadore zibil ohiari lotuak) kontakizuna berretsi zuten. Montejurrako gertakariak ez ziren karlismoaren barneko liskar espontaneo bat izan, Estatuko aparatuen parte-hartzearekin antolatutako operazio bat baizik.
Neofaxismo italiarraren rola
Urteek igaro ahala, guztiz baieztatuta geratu den beste alderdietako bat da operazio hartan neofaxista italiarrek eta nazioarteko sare antikomunistek izan zuten parte-hartzea, mertzenario edo militanteen bidez. Josu Chueca EHUko irakasle ohiak eta Historian doktoreak ekarpen garrantzitsua egin zuen horiek identifikatzeko, Montejurran bertan ateratako argazkien bidez.
“Nazioarteko mertzenarioak ziren, Barne Ministerioarentzat lan egiten zutenak. Jean-Pierre Cheriden kasuan, 1983ra arte jarraitu zuen Estatuarentzat horrelako ekintzetan lanean, GALen garaira arte”, azaldu du ETBk gertakarien 50. urteurrenaren harira egindako erreportaje batean.
Lan berean, Carlistas contra Franco liburuaren egile Manuel Martorellek Estatuaren goi-mailako instantzien erantzukizuna nabarmendu du: “Nafarroa Euskal Herriaren baitan politikoki integratzearen alde egin zuen Alderdi Karlistak. Eta erakunde karlista bakarrak horrela jokatzeak ez zien grazia handirik egin Arias Navarroren gobernukoei”.
Hilketen egile materialak identifikatzea lortu bazuten ere, guztiak libre geratu ziren 1977ko Amnistiaren ondorioz. Stefano Delle Chiaie bera ere identifikatu zuten operazioak iraun zuen egunetan Espainian egon zelako, baina Montejurrako gertakariengatik ez zuten inoiz zigortu.
Ondorengo urteetan areagotu egin zuen bere jardun kriminala, lehenik Euskal Herrian eta gero Hego Amerikan. Hil aurretik memoria-liburu bat argitaratu zuen, “internazional neofaxista” moduko batean izandako jardun ilunaz.
Zure interesekoa izan daiteke
Josu Zabala Erasun gogoratu dute Hondarribian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Josu Zabala Erasun 1976an hil zen Guardia Zibilaren tiroen ondorioz, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurka egindako manifestazio batean.
Ertzain baten aurkako pintaketa bat agertu da Gasteizko bere etxe ondoan
Segurtasun Sailak poliziak seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". ESAN eta SIPE sindikatuek ere gaitzetsi dute gertatutakoa.
Agirrek "erreparazio publikoa" eskatu du Irurak Bat jauregitxoaren harira, "aurrera egitea" nahikoa ez dela iritzita
Alkatearen arabera, hilabeteotan auzi juridikotik harago joan da eztabaida, salaketa oso larriak egin baitira kaltetu diren pertsonen eta EAJren aurka; horregatik, argi esan du ez dela nahikoa gertatutakoa atzean uztea.
Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela inolako kriminalitate antolaturik gaur egun Euskadin
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Imanol Pradales lehendakariak adierazi du azken urteotako hilketak, batez ere, drogek, mendekotasunek edo genero-indarkeriak eragindako harreman pertsonalen narriadurarekin lotuta daudela. Gaur egun Euskadin ez dagoela inolako delinkuentzia antolaturik nabarmendu du.
Isuskitza mendiko gurutze frankista bota du Ernaik
Errekete frankisten omenez Isuskitza mendian (Araba) 1940an jarritako gurutzea bota du Ernaik, baita bideoz grabatu eta sareratu ere. Gazte antolakundearen arabera, “faxismoak ez du lekurik gure herrian”, eta hilaren 13an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Nora Abetek (PSE-EE) Bilboko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du
Bilboko Udaleko egungo alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Gipuzkoako Foru Aldundia datorren astean hasiko da aurrekontuak eta neurri fiskalak negoziatzen
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du oposizioko taldeekin elkarrizketa sorta bat hasteko asmoa duela, lurraldeko aurrekontuen eta zenbait neurri fiskalen inguruan negoziatzen hasteko.
Lehendakariak ekonomiari, autogobernuari eta etxebizitzari buruzko akordioak planteatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin egingo duen bilera-sortan
Topaketak irailaren 8tik 15era egingo dira, elkarrizketa indartzeko eta aliantzak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde-zikloak markatutako testuinguruan burutuko dira.
Imanol Pradales: "Irailaren 8an hasiko gara alderdi politiko, sindikatu eta patronalarekin biltzen"
Imanol Pradales elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lehendakariak bertan jakinarazi duenez, erronda politikoa irailaren 8an hasiko du, asteartean, eta bilera horietan jorratuko diren gaiak iragarri ditu.
Pradalesen ustez, Sanchezen gobernua "nokeatuta" dago, eta Ceutako krisiari erantzuna eman ezean legealdia amaitu beharko luke
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak.