Erakunde eta ordezkari politikoek, euskal gizartearekin batera, agur esan diote Carlos Garaikoetxeari Ajuria Enean
Carlos Garaikoetxea lehendakariaren hil-kapera 10:00etan zabaldu dute Ajuria Enea jauregian, eta lau orduz egon da irekita. Juan Jose Ibarretxe, Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez lehendakariak bezala, Euskal erakunde eta talde politiko guzti-guztietako ordezkariak gerturatu dira Ajuria Enera, Garaikoetxeak egindako ekarpena aitortzera, baita Euskal Herriko hamaika lekutatik iritsitako herritarrak ere.
Carlos Garaikoetxearen gorpua goizeko hamarrak jo barik zeudela iritsi da Ajuria Enera, Iruñetik, bere jaioterritik. Goiz osoan zehar, erakundeek, ordezkari politikoek eta, oro har, euskal gizarteak agur esan diote Euskal Herrian giltzarri izan zen figurari. Hil kapera lau orduz egon da zabalik, demokraziako lehen lehendakariari agur esateko.
Zerraldoa ikurrinaz estalia iritsi da autoan, eta Jaurlaritzako sei ertzainek hartu dute soinean. Txistulari bandak Euskadiko ereserki ofiziala, Eusko Abendaren Ereserkia, jo ostean, barrura sartu dute hilkutxa.
Minutu batzuk lehenago, Garaikoetxearen alargun Sagrario Mina eta hiru semeak iritsi dira Ajuria Enera, eta jauregira sartzeko eskaileretan zain geratu dira, zerraldoa noiz iritsiko, Imanol Pradales lehendakaria lagun zutela.
Hilkutxa Ajuria Eneko areto nagusian sartu eta bertan ezarri dute hil-kapera. Hilkutxaren oinetan loreak eta makila bat jarri dira, eta Garaikoetxearen hil-kapera 10:15ean ireki da jendearentzat.
Une horretatik aurrera, joan-etorriak ez du etenik izan; erakundeetako ordezkariek, politikariek, eta, oro har, euskal gizarteak, guztiek nahi izan dute Garaikoetxeari agur egin. Egungo Eusko Jaurlaritzako kideak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaia izan dira sartzen lehenak, Bakartxo Tejeria presidentea buru zutela.
Ibarretxek, Urkulluk eta Lopezek Garaikoetxea goraipatu dute
Iñigo Urkullu, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariak ere bertan izan dira. Urkullu eta Ibarretxe elkarrekin sartu dira hil-kaperan. Irtendakoan komunikabideei egindako adierazpenetan, Urkulluk adierazi du "sinesmen eta balio sendoko gizona" izan zela, "baita lehendakari gisa ere".
"Lehendakaria, hizki handiz", horrela gogoratu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Garaikoetxea.
Patxi Lopezek adierazi du Garaikoetxea gaur egun oso beharrezkoa litzatekeen politikari horietakoa izan zela, bere “printzipioen defentsa irmoagatik, baina errespetu instituzional handiarekin eta hezkuntza handiarekin”, beti “argudioez” eta “inoiz ez irainez”.
Buruzagi politikoek Garaikoetxeak Euskadiren eraikuntzan utzitako ondarea goraipatu dute
Alderdi guztietako buruak eta ordezkariak, Vox salbu, Ajuria Enean izan dira, eta aho batez nabarmendu dute Garaikoetxeak egungo Euskadiren eraikuntzan izandako garrantzia.
EAJtik, Aitor Esteban presidenteak nabarmendu du Garaikoetxeak garai “zail eta distiratsu” bati aurre egin behar izan ziola, eta euskal autogobernuaren oinarriak ezarri zituela. Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari orokorrak, berriz, nabarmendu du “ezohiko garaietan ezohiko gauzak” egin zituen belaunaldi batekoa izan zela.
Bestalde, Eneko Andueza euskal sozialisten buruak “jaiotzen hasi zen Euskadiren sinbolo” gisa deskribatu du. PPtik, Laura Garridok azpimarratu du Garaikoetxeak garai “transzendental” batean izan zuen papera, non elkarrizketa eta adostasuna lehenetsi ziren. Eta Richar Vaquero Podemos Euskadiko idazkari nagusiak, berriz, demokraziarako trantsizioaren "funtsezko" figura izan zela esan du.
Halaber, hil-kapera bisitatu dute Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaile ohiak, hiru ahaldun nagusiek, eta Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioko presidenteak, baita sindikatuetako buruek ere.
Jordi Turull JxCateko idazkari nagusia ere bertan izan da, eta Garaikoetxea "Katalunian oso estimatua eta maitatua" izan zela gogoratu du.
Eusko Alkartasunaren ordezkaritza zabala
Eusko Alkartasunako kide eta kargudun ohiek ere Garaikoetxearen familiagandik hurbil egon nahi izan dute, Eba Blanco egungo idazkari nagusia eta Peio Urizar, Unai Ziarreta eta Gorka Knorr, besteak beste.
Euskal gizarteko figurak
Politikaz harago, kultur etea kirol munduko hainbat lagun ere joan zaizkio Garaikoetxeari agur esatera, hala nola Jose Angel Iribar, Athleticen atezain ohia, eta lehendakaria “oso politikari garrantzitsua” eta “oso pertsona ona” izan zela nabarmendu du.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eskerrak eman dizkio lehendakariari "euskararen alde egindako lanagatik" eta Euskaltzaindiaren "aurrerapenagatik", eta Joserramon Bengoetxea EHUko errektoreak ere ez du hitzordura hutsik egin.
Donostiako Fernando Prado eta Gasteizko Juan Carlos Elizalde gotzainak ere izan dira bertan, eta agur horrekin bat egin dute baita Euskal Herriko herritar askok ere, eta errespetua eta maitasuna adierazi diete lehendakariari eta haren familiari.
14:00etan itxi dute Carlos Garaikoetxearen hil-kapera, eta arratsaldean lurperatuko dute, Iruñean, bere jaioterrian.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.