Garaikoetxeak jasotako Euskadi eta gaurkoa: langabeziak behera egin du, eta hezkuntzak zein euskarak, hobera; baina gizartea zahartu egin da
Diktaduraren osteko lehen Eusko Jaurlaritzak oso bestelako gizartea kudeatu behar izan zuen. 1981ean, herritarren heren bat Euskaditik kanpo jaioa zen; 18 urtetik gorakoen erdiak ziren. Ume ugari zeuden: 14 urtetik beherakoak biztanleriaren % 24 ziren. Baina langabezia etengabe ari zen hazten.
Garaikoetxea, 1983ko uholdeetan. Irudiak: EITB Media
Carlos Garaikoetxearen heriotzaren ondorengo ordu eta egunak atzera begiratzeko aukera ari dira ematen, 80ko hamarkadaren hasierako urte haietara. Lekukotasunek testuinguru politiko eta sozial ilun eta gatazkatsua ekarri dute gogora, baina baita egoerari buelta emateko kemen eta ilusio handia ere. Dena egiteko zeukan frankismoaren osteko lehen Eusko Jaurlaritza hark. Eta berehala hasi zen mugitzen bor-bor zegoen testuinguru zail hartan.
Indarkeriak eta krisi ekonomikoak gogor jotzen zuten duela 45 urteko Euskal Herri hura, orduko datuak gaurkoekin alderatzea baino ez dago aldaketaz ohartzeko.
Demografia
Ikuspegi demografikotik, gizartea nabarmen aldatu da, bereziki biztanleriaren egiturari erreparatuta.
1981ean, Gernikako Estatutua onartu zen urtean, Euskadik 2.141.809 biztanle zituen; gaur egun, berriz, 2.218.210 ditu. Nafarroak, berriz, 510.000 biztanle inguru zituen; eta gaur egun, 690.000 inguru. Hortaz, Hego Euskal Herriak 250.000 biztanle baino gehiago irabazi ditu ordutik.
1980ko hamarkadaren hasieran, atzerrian jaiotako herritarren ehunekoa oso txikia zen Euskadin: % 1,06 besterik ez, gaur egungo % 14ren aldean. Hala ere, Espainiako beste probintzia batzuetan jaiotakoen pisua gaurkoa baino askoz handiagoa zen.
Horrela, 1981eko erroldari erreparatuz, urte hartan herritarren ia heren bat beste probintzia batzuetan jaiotakoa zen: % 30,5, hain zuzen. 18 urtetik gorakoei erreparatuz gero, ehunekoa % 50era iristen zen. Gaur egun, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta Espainiako beste autonomia erkidego batzuetan jaiotako herritarren ehunekoa % 15 ingurukoa da, eta adineko biztanleen multzoetan pilatzen dira.
Garai hartako gizartea, bestalde, askoz gazteagoa zen. 1975. eta 1976. urteetan izan ziren Euskal Herriko historian jaiotza gehien. Gure historia garaikidean, haurrek ez dute inoiz izan horrenbesteko pisurik.
Esaterako, 1981ean, 14 urtetik beherakoak biztanleen % 23,7 ziren; gaur egun, % 11,1 dira. 25 urtetik beherakoak, berriz, gizartearen % 39,8 ziren orduan; gaur egun, % 21,4 dira. Era berean, bizi itxaropenaren igoeraren ondorioz, 65 urtetik gorakoek gaur egun biztanleriaren % 24,6 osatzen dute; 1981ean, berriz, % 9,2 ziren.
Ekonomia eta enplegua
1980ko hamarkadaren hasieran, euskal industriaren gainbehera gero eta agerikoagoa zen. 1973ko petrolioaren krisiaren eta 1979ko energia krisiaren ondoren, energia intentsiboko sektoreak zeharo kaltetua ziren, eta industria astuna galbidean sartu zen.
1981ean, langabezia tasa % 14 ingurukoa zen, eta urte gutxiren buruan % 20aren langa gainditu zuen. Gaur egungo egoerarekin alderatuta, alde handia dago: langabezia tasa % 7tik beherakoa da. Beste datu esanguratsu bat: 1985ean, 16 eta 64 urte artekoen okupazio tasa (landunen portzentajea) % 45ekoa zen; gaur egun, % 72koa da.
Eusko Jaurlaritza hark ekonomiaren dibertsifikazioaren alde egin zuen eta, horrekin batera, industria birmoldatzeko planak erabakigarriak izan ziren egoera iraultzeko, baina urte luzez langabezia arazo nagusietako bat izan zen.
Hezkuntza eta euskara
Hezkuntza mailari eta prestakuntzari lotutako adierazleei erreparatuz gero, aldea izugarria da. 1981eko erroldaren arabera, populazioaren % 8k baino ez zituzten goi edo erdi mailako ikasketak (zertxobait gehiago garai hartako Lanbide Heziketa, kasu batzuetan oso oinarrizkoa, kontuan hartzen bada). Gaur egun, aldiz, 16 eta 64 urte arteko euskal herritarren % 51k baino gehiagok dituzte goi mailako ikasketak; Estatuko tasarik handiena da eta Europako batezbestekoaren gainetik dago.
Halaber, 1981eko erroldak erakusten duenez, hamar urtetik gorako herritarren % 72,6k ez zuten ikasketarik edo lehen mailako ikasketak baino ez zituzten.
Euskararen ezagutzari dagokionez, Pedro Miguel Etxenike fisikariak —Garaikoetxearen gobernuko Hezkuntza eta Kultura sailburu eta 1982ko Euskararen Legearen aitak— gogora ekarri izan du euskarak garai hartan bizi zuen egoera “agonikoa”, diktaduraren lau hamarkaden eta botere politikorik gabe kudeatu beharreko mugimendu soziodemografikoen ondorioz. Datuek irudi hori baieztatzen dute.
1981ean, EAEko herritarren % 21,9 baino ez ziren euskaldunak, eta adineko belaunaldiak ziren euskaldunenak. 65 urtetik gorakoen artean, ehunekoa % 33ra iristen zen. Haurren eta gazteen artean, aldiz, euskararen ezagutza ez zen % 20ra heltzen, baina, hori bai, horietako gehienen lehen hizkuntza euskara zen.
Gaur egun, azken errolden arabera, Euskadiko biztanleen % 43 euskal hiztunak dira. Garaikoetxea eta haren taldea Ajuria Eneara heldu zirenean ez bezala, belaunaldi gazteenak dira euskaldunenak: haurren % 85 inguruk eta gazteen % 75 inguruk dakite euskaraz, nahiz eta haietako erdiek bigarren hizkuntza gisa ikasi duten.
Aitzitik, 1981ean ez bezala, adinekoen artean dago euskal hiztun gutxien: 65 urtetik gorakoen %20 inguruk baino ez daki euskaraz.
Euskararen erabilera sozialari dagokionez, daturik zaharrenak 1989koak zein 1991koak dira, baina argi ikusten da belaunaldi gazteen artean erabilerak gora egin duela. Euskararen Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, duela lau hamarkada 16 eta 24 urte arteko gazteen % 12,4k erabiltzen zuen euskara modu trinkoan —gaztelania bezainbeste edo gehiago— EAEn; azken inkestan (2021ekoa da), berriz, % 33,5era igo da kopurua. 65 urtetik gorakoen artean, ordea, erabilera trinkoa % 25,3tik %16,7ra jaitsi da.
Hauteskundeak
Joera politikoei dagokienez, 1984ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek —75 eserleku zituen Legebiltzarra osatu zuten lehenak— testuinguru politiko ezberdina erakutsi zuten, gaurkoarekin alderatuta.
EAJk, Carlos Garaikoetxea hautagai zuela, 32 eserleku lortu zituen. Jeltzaleen inoizko ordezkaritzarik handiena izan da, nahiz eta bi urte geroago apurtuko zen, Eusko Alkartasunaren sorrerarekin.
PSEk, Txiki Benegas lehendakarigai zuela, 19 eserleku eskuratu zituen; Herri Batasunak, 11; Coalición Popularrek (AP, PDP eta UL), 7; eta Euskadiko Ezkerrak, 6.
Gaur egungo Eusko Legebiltzarrarekin alderatuta, bere horretan -edo ia bere horretan- mantentzen den joera bakarra EAJren indarra da. EH Bilduk, berriz, nabarmen handitu du Herri Batasunak ordezkatzen zuen espazioaren oinarri soziala, eta ezkerreko subiranismoa sendotu egin da. Gainerako indar politikoek, berriz, pisua galdu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.