Erasoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kutxabanken kutxa automatiko bati su eman diote Artziniegan

EAJren presidenteak ezker abertzaleari galdetu dio euskal kutxak "defendatzeko duen modua" ote den hori. Sortuk erasoa deitoratu eta "EAJ-PSOE-PP debatea itxuraldatzen lagunduko dituela" esan du.
18:00 - 20:00
Artziniegako erasoak Kutxabanken inguruko polemika hauspotu du

Kutxabanken kutxa automatiko bati su eman diote, gaur goizaldean, Artziniegan. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 03:15ean izan da erasoa, Garai Plazan. Zabaldutako informazioaren arabera, molotov koktela bota dute kutxa automatikora, eta su hartu du.

BBK eta Vital aurrezki kutxek ekainaren 30ean egingo dute fundazio bihurtzeko batzarra. Aurreikuspenen arabera, Kutxak urtea amaitu aurretik burutu nahi du fundazio bilakatzeko prozesua.

EAEko hiru kutxa publikoak fundazio bilakatu eta Kutxabanken kapitalaren zati bat erosle pribatuari saltzeko aukerak hautsak harrotu ditu. EAJ, PSE-EE eta PP operazio horren alde agertu dira. EH Bilduk eta ELA eta LAB sindikatuek, berriz, guztiz kontrako iritzia agertu dute, eta pribatizazio prozesua bertan behera uzteko eskatu dute.

EAJk ezker abertzaleari galdera

Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJren presidenteak galdetu dio ezker abertzaleari euskal kutxak "defendatzeko duen modua" Kutxabanken kutxa automatikoei su ematea ote den, Artziniegan (Araba) goizaldean gertatu bezala.

Ondarreta Getxoko batzokiaren 106 urteurrenaren inguruan egindako ekitaldi batean, Atutxak "Kutxabankek azken asteetan jasan dituen eraso bandalikoak" ezetsi ditu.

"Debatea itxuraldatzen"

Sortuk erasoa deitoratu du eta esan du, bere iritzian, "EAJ-PSOE-PP lagunduko dituela debatea itxuraldatzen", entitatea "pribatizatzen" jarraitzeko.

Hedabideetara igorritako ohar baten bidez salatu duenez, EAJk, PSEk eta PPk "irabaziak" lortuko dituzte "eraso honi esker"; Kutxabanken pribatizazio prozesuak suposatzen duen altxor publikoen lapurretaren inguruan eztabaida publikoa sortzea ukatu" nahi dute.

Gainera, Itxaso Atutxari "berak eta bere alderdiak gezurrak esateari utz" diezaioten eskatu dio.

ELAk deitoratu du

ELA sindikatuak ohar baten bidez esan duenez, goizaldean Artziniegan kutxa automatiko bati eraso egin diotenek "pribatizazioaren alde daudenei aitzakiak bilatzen laguntzen diete, eta horrela -euskal kutxen gaineko- eztabaida soziala saihesten" dute.

ELAk "gogor gaitzetsi" du Kutxabanken bulegoaren kontrako "ekintza", eta, nabarmendu duenaren arabera, "ez dute zer ikusirik atzo, demokratikoki, Bilboko kaleetan zehar pribatizazio prozesuaren kontra manifestatu zirenekin".

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X