Lehen bilera Frantzian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Enpresen lehiakortasuna, Frantziako Gobernu berriaren lehentasuna

Atzo Vallsek eta Hollandek osatutako Gobernu berria gaur bildu da lehen aldiz Ministroen Kontseiluan. Bertan, argi utzi dute helburu nagusia herrialdearen errekuperazioa dela.
18:00 - 20:00
Frantziako Gobernu berriak bere lehenengo lan eguna izan du gaur

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko kotizazioak erabat jaistea, prozesuak sinplifikatzea eta patronalak eta sindikatuek negoziatu beharreko lan erreforma indarrean sartzea dira Frantziako Gobernu berriaren lehentasunak, gaur izandako lehen Ministroen Kontseiluan zehaztu duten moduan.

François Hollande presidenteak ministroei adierazi die helburua "herrialdea errekuperatzea" dela, "frantziarrak hobeto bizi daitezen", Stephane Le Foll bozeramaileak jakinarazi duenez.

Le Follek zehaztu du egungo egoerari buelta emateko, "erantzukizun ituna" eta "solidaritate ituna" izango direla erabili beharreko erremintak.

Lehenengoa urtarrilean iragarri zen eta orain hasi da indarrean sartzen. Patronalen kotizazioak 40.000 milioi euro baxuagoak izango dira (BPGren bi puntu), Frantziako enpresen lehiakortasuna areagotzeko.

Neurri hori eta gastu publikoaren 50.000 milioi euroko murrizketa izan dira Gobernu krisia eragin dutenak, publikoki moldaketa horien aurka agertu baitziren hiru ministro.

"Solidaritate" itunari dagokionez, oraindik zehazteke dagoen arren, beherapen fiskalak ekarriko ditu, eta errenta baxuena dutenei onurak ekarriko dizkie, askok ez baitute errenta aitorpena egin beharko.

Austeritate politiken aurka agertu ziren Alderdi Sozialistako hiru kide ezkertiar (Ekonomiako Arnaud Montebourg, Hezkuntzako Benoit Hamon eta Kulturako Aurelie Filippetti) kanpoan utzi dituen Gobernu berriaren norabidea argi utzi nahi izan du Manuel Valls lehen ministroak. Gaur adierazi duenez, "hazkundera itzuli ahal izateko, enpresei lagundu behar zaie lehendabizi".

Vallsek iragarri du ostiralean plan bat aurkeztuko dela eraikuntza sektorea indartzeko eta lan kodea berrituko dela, patronalaren eta sindikatuen arteko "negoziazioa eta akordioa" bilatuz.

Europari begira, lehen ministroak berretsi du EBk inbertsioari lehentasuna eman ahal izateko norabidea hartuko duela Frantziak, eta defizita murrizteko abiaduran malgutasuna nahi duela esan du.

Gainera, Europako Banku Zentralari eskatu dio azken hilabeteetan hartutako neurriak muturrera eramateko. Izan ere, merkatuetan zuzeneko esku-hartzerik gabe, euroak balio apur bat galdu du dolarraren aurrean, eta hori ez da "nahikoa", Vallsen ustez.

Vallsen mezua

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak "koherentzia, batasuna eta argitasuna" eskatu dizkio gaur Gobernu berriari. Gaur bildu dira lehen aldiz ministro kritikoak atera zirenetik, tartean, Ekonomiako Arnaud Montebourg.

"Koherentzia, batasuna, argitasuna. Lehen Ministro Kontseilu honetarako eguneko hiru hitzak. Frantziak aurrera egiteko moduak", idatzi du Vallsek 2012ko maiatzetik erabili gabe zuen Twitter sareko profil ofizialean.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X