Diada 2017
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Indar erakustaldia, erreferendumaren atarian

Diada berezia izango da aurtengoa. Arratsalderako deitutako mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen alde Katalunian dagoen indar aniztasuna utzi nahi du agerian.
DIADA 2016 KATALUNIA CATALUÑA ONZE SETEMBRE EFE
Iazko Diadan egindako mobilizazioaren irudi bat. Argazkia: EFE.

Rafael Casanovari egindako lore-eskaintzarekin abiatu dituzte, urtero bezala, Diadako ekitaldi ofizialak, 09:00etan. Kataluniako erakunde, alderdi eta elkarte nagusietako ordezkariek hartu dute parte ekitaldi horretan, 1714an Bartzelona setiatu zutenean hildako Casanova kontseilaria omentzeko. Hortik aurrera, gainerako ekitaldi ofizialez gain, hamaika ekitaldi antolatu dituzte alderdiek eta elkarteek, bakoitzak bere aldetik.

Arratsaldeko manifestazioa izango da, zalantzarik gabe, eguneko ekitaldirik ikusgarriena eta jendetsuena. ANC, Omnium Cultural eta AMI taldeek antolatuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko inoizko aldarririk ozenena egin nahi dute, urriaren 1eko erreferendumaren atarian.

Hala, batzuek eta besteek begirada guztiak mobilizazio horretan jarrita dituzte, erreferendumak izango duen babesaren neurgailua izango delakoan.

Kataluniako Parlamentuak erreferendum legea onartu eta bost egunera egingo da mobilizazioa, tentsio politiko handiaren erdian, eta Espainiako Gobernuak jarritako helegiteek prozesua kolokan jarri dutenean.

ANC, Omnium Cultural eta AMI elkarteen iritzian, demokrazia ariketa anitza eta jendetsua izango da gaur arratsaldekoa, herritarrek erreferendumarekin duten konpromisoa erakusteko abagunea. "Urriaren 1eko erreferendumaren lehen urratsa izango da", horien esanetan.

'Baietzaren Diada' goiburupean, milaka eta milaka herritarrek gurutze bat irudikatuko dute Bartzelona erdigunean, irudi horren adar bakoitzarekin Kataluniako lau eskualdeak islatuz.

17:14an, une nagusia

Behin gurutzea irudikatuta, mutur batetik bestera oihalak zabaltzen hasiko dira, lau denera, eta 17:14an ertzetatik erdiguneraino zabalduta egongo dira. Horietako bakoitzean mezu edo aldarri bat egongo da idatzita: erreferendumean baietzaren alde bozkatzeko deia egingo dute batean, erreferenduma demokrazia dela egongo da idatzita beste batean, askatasunaren eta bakearen aldeko leloa izango du hirugarren batek, eta abuztuaren 17an Bartzelonan eta Cambrilsen izandako atentatuetan hildakoak izango dituzte gogoan laugarrenean, horien aldeko mezu baten bidez.

Manifestazioaren amaieran, ekitaldi nagusia egingo da Catalunya plazan. Hitzaldiak eta musika uztartuko dituzte bertan.

ANCk emandako datuen arabera, dagoeneko 400.000 herritarrek baino gehiagok eman dute manifestazioan parte hartzeko izena.

Puigdemont

Bestalde, atzo, Diada bezperako ekitaldi ofizialean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak berretsi zuen, "oztopoak oztopo, erreferenduma berme guztiekin" egingo dela. "Dena prest dugu", esan zuen.

Horren esanetan, erreferenduma gizartea batzeko tresna da, ez zatitzeko, eta gizartea zatitzen duena herriari hitza ez ematea dela gaineratu zuen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X