KATALUNIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Elkarrizketaren eta bitartekaritzaren aldeko apustua berretsi du Urkulluk

EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Estatuko segurtasun indarrek erabilitako 'indarkeria' kritikatu du lehendakariak. Halaber, aldebikotasunaren eta adostasunaren aldeko jarrera berretsi du.
18:00 - 20:00
'Talka' saihesteko irtenbide errealistak aldarrikatu ditu Lehendakariak

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan adierazi duenez, independentzia Euskadin eta Katalunian "errotuta" dagoen "helburu legitimoa da", baina "gatazka" eragozteko eta eskaerak "elkarrizketaren" bitartez bideratzeko eta, behar izanez gero, "bitartekaritza" baliatzeko beharra nabarmendu du. Halaber, Estatuko segurtasun indarrek erabilitako 'indarkeria' kritikatueta aldebikotasunaren eta adostasunaren aldeko jarrera berretsi du.

Autogobernuari eta Kataluniako auziari buruz Eusko Legebiltzarreko taldeek egin dizkioten galderak erantzun ditu Urkulluk gaurko kontrol saioan.

Lehendakariak "elkarrizketaren, akordioaren eta aldebikotasunaren" aldeko bere apustua berretsi du lurralde eztabaidari heltzeko. Haren esanetan, independentzia jomuga legitimoa izanik ere, beharrezkoa da "gatazka saihestea". Halaber, erabakitzeko eskubidea Euskadin eta Katalunian errotuta dagoen eskaria dela azpimarratu du.

Edozein kasutan, gai hori elkarrizketaren eta fede oneko negoziazioaren bitartez bideratu behar dela nabarmendu du, akordioa egotekotan Konstituzioaren erreforma abiatzeko, "erreferenduma egin ostean independentzia ahalbideratuko duena".

EH Bilduren galdera bati erantzunez, Estatuko Segurtasun Indarrek urriaren 1ean Katalunian erabilitako "indarkeria" kritikatu du lehendakariak. Jokabide horren aurrean, elkarrizketaren, aldebikotasunaren eta adostasunaren aldeko apustua berretsi du herritarrek beren iritzia eman dezaten.

Halaber, "irtenbide hitzartua" eta, eskatuz gero, Kataluniako eta Espainiako erakundeen arteko "bitartekaritza" galdegin ditu. "Ez naiz eserita geldituko trenek talka nola egiten duten eta errailetik nola ateratzen diren ikusteko; nahiago dut errealismotik eta akordiorako borondatetik abiatuta konponbideak aurkitzen saiatu, bai nire hitzaldi publikoetan eta baita ez direnetan ere", gaineratu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak lehendakariari ziurtatu dionez, bere koalizioak Estatu espainiarrarekin gai horiez "negoziatu eta adostu" nahiko luke, baina haren esanetan, ez da posible. Haren esanetan, Espainia "bukle zital infinitu" batean murgilduta dago.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X