Kataluniako hauteskundeak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

CUPek 'gehiengo errepublikanoa' ospatu du eta lau aulkiak 'giltzarritzat' jo ditu

Lau helburutatik bi bete dituzte hauteskundetan: Errepublikaren aldekoek gehiengoa eskuratzea eta bloke horretan ezkertiarrek (ERC eta CUP) Junts per Catalunyak baino eserleku gehiago izatea.
Carles Riera CUPeko Generalitaterako hautagaia. Irudia: EiTB
Carles Riera CUPeko Generalitaterako hautagaia. Irudia: EiTB

Carles Riera CUPeko zerrendaburua pozik agertu da bloke independentista gailendu delako hauteskundeetan, bere alderdiak 10 eserlekutatik sei galdu dituen arren. Aulki horiek "giltzarri" izango direla nabarmendu du, eta gaurkoan "Errepublikak irabazi du", adierazi du.

Bartzelonako Nau Bostik gunean egindako agerraldian, Rierak erantsi du CUPek lau helburutatik bi bete dituela hauteskundeetan: Errepublikaren aldekoek gehiengoa eskuratzea eta bloke horretan ezkertiarrek (ERC eta CUP) Junts per Catalunyak baino eserleku gehiago izatea. Hala ere, onartu du ez dutela lortu emaitza ona eskuratzea eta Parlamentuan ezkerreko gehiengoa nagusi izatea.

Hautagaiaren esanetan, lorturiko emaitza oso urrun dago espero zituzten eta jarri zituzten helburuekin. Rierak uste du aurreko hauteskundeetan CUPen aldeko botoa eman zutenetako askok ERC eta JxCat bozkatzea erabaki dutela. Hala eta guztiz ere, lorturiko lau eserlekuak gehiengo errepublikarra osatzeko "giltza" izango direla esan du.

CUPek lau aulki eskuratu ditu, hau da, 2015eko hauteskundeetan lortutakoaren erdia (hamar eskuratu zituzten, botoen % 8,21ekin) baino gutxiago, eta Parlamentuan sartu zenean bezala geratu da ia, hiru ordezkari lortuta orduan.

Riera pozik azaldu da "karta guztiak jokatu eta irabazi ezin izan duen Espainiako Estatuaren aurrean". Halaber, esan du hauteskundeotan Ciudadanos "Estatuko erregimena zela eta dela, 78ko erregimenarena, PP sakrifikatzeko prest egon da 155.aren botoa Ciudadanosen sartzeko". Emaitza garrantzitsua lortu duela adierazi du, baina alderdi konstituzionalistek ez dutela gehiengoa osatzen azpimarratu du.

"155aren Estatu kolpea garaitua" izan dela esan ostean, ostiraletik aurrera Kataluniako errepublika eraikitzen hasteko deia egin du, duintasunaren dekretua eta prozesu konstituziogilea abiapuntu hartuta. Halaber, Kataluniako errepublika eraikitzeko modu bakarra aldebakartasuna dela aurpegiratu die JxCat eta ERCri, Estatu espainiarrarekin elkarrizketak abiatzea ezinezkoa dela iritzita.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X