Casanovaren lore eskaintzarekin abiatu dute Diada, 'proces' auziaren epaiaren atarian
Irailaren 11 izaki, Diada eguna dute Katalunian. Kataluniako prozesuaren inguruko epaia iristear den honetan (datozen asteetarako espero da), zatituta iritsi dira alderdi independentistak. Ospakizuna Rafael Casanovaren monumentuan egin ohi duten lore eskaintzarekin abiatu da, baita polemikarekin abiatu ere. Izan ere, Kataluniako Gobernuaren ordezkaritza loreak uzten ari zenean, Espainiako himnoa jarri dute handik gertu dagoen hotel batean.
Independentismoak Auzitegi Gorenaren epaiari emango dion erantzunaren lehen erakustaldia izango da gaurkoa. Gaur-gaurkoz Kataluniako Gobernua, JxCat eta ERC ez dira gai izan epaiari eman beharreko erantzunaren inguruan ados jartzeko. Dena dela, guztiak bat datoz gakoetako bat mobilizazioa izango dela esaten. Horrela, Diada egunak herritarren mobilizazio horri tamaina hartzeko balio dezake.
Diada eguneko ekitaldiak goizean goiz hasi dira. Tradizioari jarraituz, Rafael Casanovaren omenezko monumentuaren aurrean lore eskaintza egin dute erakunde, alderdi (Cs eta PP kenduta) eta erakundeek.
Beti bezala, Kataluniako Gobernuko ordezkarien eskaintzarekin abiatu da ekitaldia; aurten, baina, Espainiako ereserkiak hartu du protagonismoa. Izan ere, Torra buru, Generalitateko kideek loreak uzten ari zirenean, Espainiako himnoaren doinuak entzuten hasi dira gertu dagoen hotel baten bozgorailuetatik. Ekitaldia une batez eten dute, eta doinua amaitutakoan ekin diote berriro.
Bideoa | Espainiako ereserkia ozen entzun da Casanovaren omenezko lore eskaintzan
Meritxell Budo Presidentetzako kontseilariak gertakaria gaitzetsi du. Ekitaldiaren ostean egindako adierazpenetan, himnoa jartzea "sentsibilitate eta errespetu falta" dela nabarmen du.
"Diada nazionalaren eguna ospatzen ari gara Katalunian, eta Espainiako ereserkiarekin boikotatzen saiatzea deitoragarria eta gizalegearen kontrakoa iruditzen zaigu", esan du Budok.
Bestalde, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazi du ospatzen duten "salbuespenezko" bigarren Diada dela, hainbat buruzagi independentista preso baitaude. Dena dela, itxaropentsu agertu da gaurko ospakizuna baketsua, aldarrikapenezkoa eta integratzailea izango delakoan. Torrenten arabera, "prozes" auziaren epaiak ziklo politiko berria abiatuko du: "Herri honetan egon badauden gehiengo zabal horiek diote ez dutela errepresioa nahi, gizarte demokratikoa nahi dute eta agenda bera".
Arratsaldean, manifestazioa
Eguneko ekitaldiei begira, Assemblea Nacional Catalana (ANC) erakunde independentistak arratsalderako deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Manifestazioa 17:15ean egingo da Bartzelonan, "Helburua independentzia" lelopean. Omnium erakunde independentistak, bere aldetik, ekitaldi politikoa egingo du, 11:00etan, Bartzelonako Lluís Companys pasealekuan, "Eskubideen eta askatasunen alde, absoluzio" lelopean.
ANCk 16:00etan deitu ditu herritarrak Espainia plazan eta inguruko kaleetan. Kataluniako Gobernuko kideak eta alderdi independentistetako ordezkariak bertan izango dira. Ciudadanos, PSC, PP eta Catalunya En Comú alderdiek ez dute parte hartuko. Koalizio morearen kasuan, alderdikideren batek parte hartuz gero, ez du alderdiaren izenean egingo.
Bestalde, atzo euriaren eraginez bertan behera gelditu zen Generalitateak eta Kataluniako Parlamentuak egin beharreko ekitaldi ofiziala. Dena den, ekitaldia gaur 22:00etan egingo da "Tornarem" lelopean. Quim Torra Generalitateko presidentea eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea ez ezik, Ada Colau Bartzelonako alkatea ere izango da bertan.
Euskal ordezkaritza Diadan
EAJk eta EH Bilduk ordezkaritza bidali dute Kataluniara. Jeltzaleen izenean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea Antolaketa idazkaria izango dira. Biak ala biak David Bonvehi PDeCATeko presidentearekin eta alderdiko beste kide batzuekin izan dira Casanovaren lore eskaintzan eta beste ekitaldi ofizialetan.
Bideoa | EAJren ordezkariak Casanovaren lore eskaintzan
Ortuzarrek iristear den 'proces' auziko epaia hartu du hizpide kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. Nabarmendu duenez, EAJk errespetu handia die erabaki judizialei, baina "Katalunia eta Estatuaren arteko gatazkari" lagunduko liokeen ebazpen bat galdegin du. Buruzagi jeltzalearen ustez, gatazka "balio duen modu bakarrean" konpondu behar da, hau da, elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez.
Koalizio abertzaleak Maddalen Iriarte bozeramailea, Mertxe Aizpurua diputatua eta Pernando Barrena europarlamentaria bidali ditu. Ekitaldi ofizialetan ez ezik, arratsaldean deituta dagoen manifestazioan ere izango dira hirurak.
Bideoa | EH Bilduk ere hartu du parte lore eskaintzan
Gure Eskuren ordezkaritza bat ere Bartzelonan dago irailaren 11 honetan. Hain justu, Quim Torra Kataluniako presidentearekin bildu dira erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformako kideak. Amalur Alvarez bozeramailea buru, Gure Eskuk babesa eta elkartasuna helarazi dio Generalitateko presidenteari. Horrez gain, Kataluniako eta Euskadiko egoera politikoa eta 'proces' auziaren epaia izan dituzte aztergai.
Plataformak "oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko defentsa aktiboa" egiteko konpromisoa berretsi dio Torrari.

Argazkia: @Gure_Esku
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Herriaren proiektu nazionala indartzeko beharra azpimarratu du EH Batera herri ekimenak Lizarran
Aberri Egunaren ofizialtasuna eta instituzionalizazioa ere aldarrikatu dituzte ekimeneko ordezkariek gaur Lizarran egin duten ekitaldian. Zehazki, gaur egun ez duen aitortza eta zabalpena emateko eskatu dute, "urrats txikia bezain eraginkorra" izango litzatekeela iritzita.
Etchegarayk eta Blancok hartu dute Baionako eta Biarrizko alkate kargua
Atzo, Kanboko eta Hendaiako aginte makila jaso zuten Peio Etxelekuk eta Kotte Ecenarrok. Bigarren itzuliaren ostean alkate karguak hartu eta gero, orain argitzeko dagoen bakarra da Euskal Hirigune Elkargoko presidente izateko hautagaiak nortzuk izango diren. Etchegarayk ez du horren inguruko arrastorik eman.
Bizikidetza eraikitzeko, egian oinarritutako memoria eskatu du Eneko Anduezak
Euskadiko sozialista gazteek Oroimen Hegoak sariak banatu dituzte Donostiako Miramar Jauregian. PSE-EEk ezberdin pentsatzeko askatasuna bermatzeko lanean jarraituko duela aldarrikatu du Anduezak.
Euskadiren eraikuntzan buru-belarri arituko den gazteria aldarrikatu du Aitor Estebanek, pankarta atzean geratzen direnen aurrean
EGI egunaren ekitaldi nagusian parte hartu du Aitor Esteban EBBko presidenteak, Mungian. Gizartean eta alderdian euren lekua hartzeko eskatu die gazte jeltzaleei.
Aireportuen kudeaketan parte hartzeko gaitasunak iritzi ezberdinak sortu ditu euskal alderdien artean
EAJk uste du "albiste bikaina" dela, eta PSE-EEk, berriz, akordioa bere dimentsioan jartzeko eta gehiegizko espektatibarik ez izateko eskatu du. Oposizioak kritikatu du "lehendakariak argazki bat bilatu duela Madrilen", eta akordioa "kea baino ez" dela.
Mikel Serrano, Zumarragako PSE-EEko alkatea, Korrikaren lekukoarekin
Alkateak eraman du Korrikaren lekukoa Gipuzkoako udalerriko Udalbatzari esleitutako kilometroaren lehen metroetan. PSE-EEk Korrikan alderdi gisa ez parte hartzea erabaki zuen, CCOOk betoa jaso ostean, baina ordezkari batzuk parte hartzen ari dira.
Aena aztertzen ari da Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egin duten akordioaren aurkako neurriak hartzeko aukera
Enpresa publikoak azpimarratu duenez, aldebiko organo berria "aholku-emailea besterik ez da izango" eta ez ditu bere eskumenak aldatuko. Gainera, ohartarazi du arriskuan jar daitekeela legedia, egungo araudiaren mugak gainditzen badira.
Torresek ontzat jo ditu itunak, eta "Konstituzioa, Estatutua eta legedia" errespetatzen dituztela esan du
Angel Víctor Torres ministroak Aldebiko Batzordearen bilera "produktiboa" izan dela esan, eta aurrez egin den "lan handia" nabarmendu du. Bi administrazioek, gainera, etorkizunean industria, energia, osasun eta immigrazio alorretan, besteak beste, akordioak lortzeko negoziazioen ildoak ireki dituztela aurreratu du. Horren ustez, "akordioan, askatasun instituzionalean eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunean" oinarritutako lankidetza eredua finkatzen ari da.
Pradalesen iritzian,"akats politiko larria" da 'Guernica' ekartzeari atea ixtea kontserbazio txostena jasotze hutsagatik
Lehendakariaren arabera, Reina Sofia Museoaren ezezkoak ez luke nahikoa izan behar Pablo Picassoren margolana Bilboko Guggenheimera 9 hilabetez ekartzea baztertzeko. Guernica Euskadira ekarrita munduari "erreparazio" mezu bat bidaliko litzaioke, horren ustez, eta hori esan dio Pedro Sanchezi.
Lehendakaria: “Adostutakoa oso ona izango da euskal ekonomiaren lehiakortasunarentzat eta ongizatearentzat”
Egungo egoerak lankidetza erritmo handiagoa eskatzen duela esan du Imanol Pradales lehendakariak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin transferentzien inguruko akordioa lortu ostean.