Kataluniako errepublikaren alde 'aitzakiarik gabe' aurrera egitea hitzeman du Torrak

Kataluniako errepublika errealitatea bilakatzeko "aitzakiarik gabe" aurrera egiteko konpromisoa du hartuta Generalitatek, Quim Torra presidenteak astearte honetan ziurtatu duenez. Hain zuzen ere, Torrak 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrenaren erakunde-ekitaldian egin ditu adierazpen horiek.
'Compromís del Primer d'Octubre' izeneko ekitaldian zabaldu du mezu hori Torrak. Bertan, presidenteaz gain, Pere Aragones presidenteordea ere izan da, bai eta Kataluniako Gobernuko kideak eta Generalitateko hainbat goi-kargu ere.
Torrak beste bi konpromiso ere hartu ditu bere gain: "Preso politikoen askatasuna, eta erbesteratuen itzulera". Astearte honetako eguerdian, Kataluniako presidenteak bisita egingo die preso subiranistei Lledonerseko kartzelan (Bartzelonan dago).
Bitartean, Carles Puigdemont presidente ohiak, Belgikatik, deia egin die independentismoaren aldekoei azaroaren 10eko hauteskundeetan parte hartzeko; izan ere, hitzordu hori, haren iritziz, "urriaren 1eko agindua berresteko aukera da, bai eta proces auziko epaiei erantzuteko beste modu bat ere".
Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean, Puigdemontek eskatu du independentismoak "erantzun guztiz bateratua" ematea, proces auziko epaien aurrean; halaber, galdegin du erantzun hori guztien artekoa izatea, hau da, erakunde guztiek parte hartzea: Kataluniako Gobernuak, bertako Parlamentuak eta udalek.
Gainera, Puigdemontek ziurtatu du ez duela bitartekaririk behar Quim Torrarekin hitz egiteko, eta esan du independentismoak ez duela inolako zerikusirik indarkeriarekin; nabarmendu duenez, CDR taldeetako atxilotutakoen ikerketaren gaineko informazioak "delirioa dira, fantasia hutsa".
Zigor-epaia egotekotan, balizko mobilizazioak
Urriaren honetan bertan, Auzitegi Gorenak proces auzian zigor-epaia ematekotan abiatuko lituzketen mobilizazioak aurkeztu dituzte JxCatek, ERCk, CUPek, ANCk eta Omnium Culturalek. Kataluniako independentziaren aldeko alderdiek eta erakundeek indarkeriazkoa ez den borroka baliatuz eta desobedientzia zibila gauzatuz erantzungo lukete.
"Bidegabetzat joko dugu edozein zigor-epai", adierazten du aurkezpenean irakurritako testuak. Idazkiak zehazten du 2017ko udazkenean, irailaren 20an eta urriaren 1ean hain zuzen ere, "oinarrizko eskubideak" erabili zituztela: hain zuzen ere, manifestazioarena, autodeterminazioarena eta parte-hartze politikoarena; eskubide horiek erabiltzea "demokrazia batean, ezin da inoiz delitutzat jo".
Hainbat manifestazio eta ekitaldi astearte honetan
Astearte honetan, autodeterminazio erreferendumaren bigarren urteurrena dela eta, hainbat manifestazio eta ekitaldi daude Katalunian. Buruzagi independentisten aurkako epaiketaren berehalako epaiak markatuko ditu mobilizazioak.
06:00etan, Gironan, Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) deituta, 300 bat lagun protestan aritu dira Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. Esquadra Mossoek bertaraino heltzea galarazi diete. 08:00etan, manifestariak Espainiako Gobernuak Gironan duen Ordezkaritzaren aurrean bildu dira.
BIDEOA | 300 bat lagun bildu dira Gironako Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean

Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) agiri bat zabaldu dute goizean. Bertan ziurtatu dutenez, Estatua "zauritutako pizti bat balitz bezala" ari da, "eraso basatiak egiteko prest dago", baina CDRek esan dute "etsaia dardarka" jarriko dutela.
Agiria Twitter sare sozialean zabaldu dute, "CDR Catalunya oficial" kontuan, eta hala diote: "CDRak erreferendum baten alde egiteko jaio ginen, eta Errepublika bat defendatzeko hazi. Irabaziko dugu! Gora lur askatua!".
Espainiako Gobernuaren jarduneko presidente Pedro Sanchezek bere aldetik ohartarazi duenez, Gobernuak aukera du Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian ezartzeko, jardunean egon arren, eta autogobernua "legez kanpo" ari bada Espainiako Gobernuaren ardura dela lehengoratzea erantsi du.
"Espero dut mutur horretara ez iristea, ez du zertan berriro gauza bera gertatu", adierazi du Sanchezek SER katean egindako elkarrizketa batean.
19:00etan, ANCren manifestazioa
Arratsaldean, 19:00etan, ANCk deitutako manifestazioak Bartzelonako kale nagusiak zeharkatuko ditu. Martxa Catalunya plazan hasi eta Jaume Balmes institutuan amaituko da, U-1eko erreferendumean polizia herritarren aurka oldartu zen hauteslekuetako batean.
Bartzelonan ez ezik, Kataluniako beste hainbat herri eta hiritan antolatu ditu erreferenduma oroitzeko ekitaldiak eta manifestazioak ANCk: Gironan, Tarragonan, Sabadellen, Lleidan...
ERCren ekitaldia eta Lledonersko espetxera martxa
2019ko Diadan bezala, ERCk ekitaldi propioa egingo du erreferendumaren urteurrena gogoratzeko. Fonollosan (Bartzelona) izango da ekitaldia, eta han egongo dira Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordea, Roger Torrent Parlamentuko presidentea, Marta Vilalta ERCko bozeramailea eta Gabriel Rufian eta Carolina Telechea Kongresuko diputatuak.
Gauean, 21:30 inguruan, ANCk deituta, hainbat martxa iritsiko dira Lledonersko espetxera, preso politikoei babesa adierazteko.
Bestalde, Intersindical-CSC Kataluniako Sindikatuen Konfederazioa eta IAC-CATAC Kataluniako Administrazioko Langileen Hautagaitza Autonomoa sindikatu elkarte independentistek greba orokorrera deitu dute Katalunian urriaren 11rako.
Mossoek segurtasun-neurriak zorroztuko dituzte
Esquadra Mossoek segurtasun-neurriak indartu dituzte gaurko mobilizazioetan istiluak izan daitezkeelakoan.
Poliziak uste du Guardia Zibilak Errepublikaren Defentsarako Komiteetako (CDR) bederatzi kide atxilotu izanak giroa gaiztotu duela eta horiek atxilotu ostean istiluak izateko arriskua areagotu egin dela Katalunian. Alderdi eta erakunde subiranistek salatu dute mugimendu independentista kriminalizatzeko asmoz egin dutela polizia-operazio hori.
Atxiloketa horien aurretik ere, eta Auzitegi Gorenaren epaia datozen asteetan ezagutaraziko dutela kontuan hartuta, Mossoek tentsioak gora egiteko eta istiluak izateko arriskuaz ohartarazi zuten.
Testuinguru politiko horretan, Andreu Martinez Esquadra Mossoen zuzendariak dimisioa iragarri du, karguan urtebete eta erdi egon ostean.
Pere Ferrerek hartuko du Andreu Martinezek utzitako lekua. Miquel Buch Barne kontseilariaren kabineteko buruzagia izan da Ferrer orain arte.
131 argi piztu dituzte Montserraten
Urteurren ekitaldien bezperan, bart 131 argi piztu dituzte Montserraten, Generalitateko presidente guztiak gogoratzeko.
Argiak piztu aurretik egin den "Llum i Llibertat" ekitaldi politikoan Quim Torra Generalitateko presidenteak azpimarratu duenez, 2017ko urriaren 1ak errepublikarako abiapuntua izan behar du.
BIDEOA | Torra: 'Urriaren 1a argia eta askatasuna izan zen'

Torraren esanetan, urriaren 1a argia eta askatasuna izan behar da, demokraziarako bidea eta eskubideen defentsa erakutsiko dituena.
1714ko irailaren 11 eta 2017ko urriaren 1a erresistentziaren eta askatasunaren egun gisa oroitu behar direla gaineratu du.
Albiste gehiago politika
Pradalesek "lidergo eta koordinazio handiagoa" eskatu dizkio Sanchezi, oztopo administratiboak eta eragozpen politikoak gainditzeko
"Akordioak betetzeko daude", adierazi du Pradales lehendakariak Lankidetza Iraunkorreko Aldebiko Batzordearen bileraren amaieran. Imanol Pradalesek "borondate politikoa" aitortu du Pedro Sanchezen aldetik, baina "ordena jartzeko" eskatu dio. "Erritmoa bizitu eta edukietan aurrera egin behar dugu, adostutako egutegia betetzeko", gaineratu du lehendakariak.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Itsas Salbamenduaren transferentzia adostu dute, eta Gizarte Segurantzaren eskualdaketan aurrera egin dute
Era berean, bi gobernuek kotizazio gabeko lau prestazio adostu dituzte (hiru familia-prestazio eta jaiotzagatiko sorospen berezia), baita eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen kudeaketa ere.
Deport Them Now talde neonaziko buruzagia atxilotu dute, Torre Pachecoko magrebtarren aurkako "ehizaldia" dei egiteagatik
Guardia Zibilak atxilotuaren etxebizitza miatu du Mataron (Bartzelona), eta bi ordenagailu atzeman ditu. Era berean, Deport Them Now talde supremazistak erabilitako bi Telegram kanal itxi dituzte.
Kargu tekniko batek onartu du "zurrumurruak" zeudela Belateren kontratua Accionak eta Servinabarrek eramango zutela
Lorenzo Serena Belateko tuneletako lanen kontratazio-mahaiko idazkaria izandakoak esleipen-prozesuarekinn ez zegoela ados azaldu zuen, eta eskaintzaren balorazioa argudiatzeko eskatu zuen, "susmoak" saihesteko.
Pradales lehendakaria Pedro Sanchezekin bildu da
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Imanol Pradales lehendakaria hartu du Moncloa Jauregian, Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Lankidetza Iraunkorreko Batzordearen buru izan aurretik egindako bileran. Bertan, egiteke dauden transferentziak, euskararen ofizialtasuna Europan, makroeskualde atlantikoa, euskal industriaren ahalmen elektrikoa eta migrazioa aztertuko dira.
Auzitegi Gorenak ez du Bolaños ministroa ikertuko, Begoña Gomezen kasuaren baitan
Bolaños dirua bidegabe erabiltzea eta lekukotza faltsua ematea leporatuta zen ikertzekoa Juan Carlos Peinado instrukzio-epailea.
Europako Batzordeak zalantzan jarri du amnistia legeak "interes orokorrari" erantzuten dionik
Europako Batzordearen izenean parte hartu duen abokatu espainiarraren arabera, argi dago amnistia legea Sanchezen inbestidura lortzeko akordio politiko baten ondorio dela. Halaber, nabarmendu du Veneziako Batzordeari entzungor egin eta legea premiaz tramitatu izanak klase politikoaren, erakundeen eta gizartearen arteko "arrakala are sakonagoa" izatea eragin duela.
Eusko Jaurlaritzak espero du Estatuak "borondate politikoa" izatea "hartutako konpromisoak" egin egin daitezen
Pradales lehendakaria eta Sanchez Espainiako gobernuburua buru direla, bi gobernuek gaur arratsaldean Moncloan egingo duten bileraren atarian, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du hilabeteak daramatzatela zain eta muin lanean, akordioak lor daitezen. "Gaur Euskadirentzat egun garrantzitsua izan daiteke", gaineratu du.
Gizarte Segurantzaren lehen blokearen balizko eskualdatzea “transferentzia oso mugatua, leihatila aldatzea” dela uste du ELAk
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiaren arabera, praktikan ez da sakoneko aldaketarik izango, hau da, lehen 'Espainiako Gobernua' zioen leihatilan aurrerantzean 'Eusko Jaurlaritza' jarriko omen du. Hala ere, uste du zentralizazioa ez dela amaituko, eta aurrerantzean ere erabakiak Madrilen hartuko direla.
Gizarte Segurantza eta sare elektrikoko inbertsioak izango dituzte aztergai Pradalesek eta Sanchezek gaurko hitzorduan
Transferentzien Aldebiko Batzordea Madrilen bilduko da gaur, eskualdatu gabe dauden transferentziekin aurrera egiteko. Euskara Europan ofizial egitea, Europako Makroeskualde Atlantikoa sortzea, Euskadiren konektibitatea eta migrazioa ere jorratuko dituzte.