Sanchezek eta Iglesiasek akordioa adostu dute koalizio-gobernua osatzeko
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko buruzagiak eta Pablo Iglesias Unidas Podemosen idazkari nagusiak akordioa sinatu dute, Espainian koalizio-gobernua osatzeko, Diputatuen Kongresuan.
Horrela, Sanchezek eta Iglesiasek Espainiako Gobernuaren blokeoa hautsi dute; izan ere, legealdi osorako akordioa adostu dute, eta koalizio-gobernua izango da espainiar Estatuan. Ondorengo egunotan emango dituzte jakitera hitzarmenaren xehetasunak; hauteskundeak egin eta 48 ordura baino gutxiagora itxi dute akordioa.
"Espainiarrek hitz egin dute; orain, alderdiok dugu ardura herritarren borondateri erantzuna emateko", esan du Sanchezek; Iglesiasek, aldiz, nabarmendu du bere alderdiarentzat "ohorea" dela Gobernuan egotea.
Sanchez: "Gobernua guztiz arrerakoia izango da. Legealdi osorakoa da"
Pedro Sanchezek adierazi du proiektuak "ilusio handia" sortzen duela: "Gobernua guztiz aurrerakoia izango da. Akordioa legealdi osorako egin dugu, lau urterako. Horren oinarriak dira kohesioa, leialtasuna eta elkartasuna".
PSOEko idazkari nagusiak zehaztu duenez, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean oso gertu izan zuten akordioa Unidas Podemosekin: "Proiektu honek, horrenbeste ilusioa sortzen duenez, edozein etsipen gainditzen du".
Sanchezen esanetan, Gobernuak "Espainiak aurre egiteko lan egingo du. Gorrotoak eta konfrontazioak ez dute tokirik izango horretan".
Espainiako jarduneko presidenteak azpimarratu du asmoa dela akordioa gainerako alderdiei ere helaraztea: "Segituan ekingo diogu bilera-sorta bati, gehiengo bat eratzeko".
Sanchezen esanetan, "ez dago blokeo gehiagorik izateko arrazoirik. PSOEk alderdien eskuzabaltasunerako eta erantzukizunerako deia egiten du", berretsi du, Pablo Iglesiasi eta Unidas Podemoseko buruzagiei berriro eskerrak eman aurretik.
Iglesias: "PSOEren esperientzia, eta gure ausardia"
Pablo Iglesiasek, bere aldetik, berretsi du hauteskunde-gauean esandakoari: "Apirilean aukera historikoa zen, baina orain behar historikoa. Koalizio honetan PSOEren esperientzia eta Unidas Podemosen ausardia batuko dira. Lurralde-krisia konpontzeko, elkarrizketa da apustua; eta ultraeskuinari aurre egiteko, justizia soziala".
Iglesiasek esan du ez dela gaitzespenik egiteko garaia: "Ohorea da Gobernuan lan egitea. Horretarako sortu ginen. PSOEk gure leialtasun osoa izango du".
PSOEk eta Unidas Podemosek ziurtatu dute partekatzen dutela garrantzitsua dela euren gain hartzea konpromisoa "askatasunaren, tolerantziaren eta balio demokratikoak errespetatzearen alde egiteko"; hain zuzen ere, horixe izango da Gobernuaren ekintzaren gida, "Europako tradiziorik onenari jarraituz".
iglesiasek eskerrak eman dizkio Sanchezi haren eskuzabaltasunagatik. Hainbat komunikabide eta agentziaren arabera, astelehenean itxi omen dute hitzarmena, Gobernuaren osaketa desblokeatzeko.
Akordioak zehazten du koalizioko Gobernu aurrerakoiaren konpromisoa izango dela "Katalunian bizikidetza bermatzea", eta bizitza politikoaren "normalizazioa", elkarrizketa sustatuz, "beti Konstituzioaren barnean".
Dokumentuaren arabera, bi alderdiek oraindik dute zabalik Gobernu berriaren egitura eta funtzionamenduaren gaineko negoziazioa; Gobernuaren asmoa izango da Espainia kokatzea erreferente moduan Europan, "eskubide sozialen babesari dagokionez", herritarrek hautetsontzietan erabaki dutenez.
Gobernuko kide bakoitzaren betebeharrak zehazte aldera, kontuan izango dute zeinek duen egokitasun handiena.
Autonomien Estatua ere indartuko dute, autonomia-erkidegoen esku dauden eskubide eta zerbitzuen egite egokia ziurtatzeko: "Espainiar guztien arteko berdintasuna bermatuko dugu", diote PSOEk eta Unidas Podemosek akordioaren testuan.
Bi liderren arteko besarkada
Agerraldia amaituta, eta Sanchez eskua emateko asmoarekin joan zaionean, Podemoseko liderra hurbildu zaio, besarkada handia emateko, A10eko hauteskundeetako kanpainan elkarri hainbat gaitzespen egin dizkioten arren.
BIDEOA | Besarkada batekin bukatu dute Sanchezek eta Iglesiasek aurreakordioaren sinadura
Gelan, argazkilariez eta kazetari batzuez gain, hauek zeuden: Ivan Redondo Sanchezen Bulegoko burua, Felix Bolaños Presidentetzako idazkari nagusia; eta Adriana Lastra eta Rafael Simancas buruzagi sozialistak.
Unidas Podemosen aldetik, aldiz, ondorengoak izan dira: Irene Montero, Yolanda Diaz, Juan Lopez de Uralde, Pablo Echenique, Alberto Garzon eta Jaume Asens.
Galderarik izan ez duen agerraldiaren amaieran, Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek agur txeratsua egin diete bi alderdietako kideei.
Garzonek aurreratua zuen Twitterren
Sanchezek eta Iglesiasek agerraldia egin aurretik, Alberto Garzon Izquierda Unidako koordinatzaile federalak akordioa baieztatu du Twitterren: "Ospakizun-eguna da gaur. Eskerrik asko militante guztioi, hona heldu ahal izateko borrokatu baitzuten".
Zure interesekoa izan daiteke
Estatuari Martxoak 3ko sarraskiaren erantzukizuna eskatzeak berriro aurrez aurre jarri ditu EAJ eta PSE-EE
EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu diote aitor dezala Martxoak 3ko sarraskian izan zuen erantzukizun zuzena, eta aitortza horrekin maila goreneko adierazpen ofiziala egin dezala. PSE-EE ez dator bat eskari horrekin.
EH Bilduk eta EAJk Adamuzeko istripua argitzea eskatu dute, herritarrek trenbide sarean konfiantza izan dezaten
Urteko lehen osoko bilkura hartu du Espainiako Diputatuen Kongresuak, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du, berak hala eskatuta, trenbide-istripuei buruzko azalpenak emateko.
EAJ Pasaiako portua "liga nazional batetik erregionalera jaisten" saiatzen ari dela kritikatu du PPk
Mikel Lezama PPk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak gogor kritikatu du EAJren "asmo ideologikoa", portuaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea baita. Gaineratu du hori ezin dela egin, "Estatuaren interes orokorreko portua" delako.
"Maiatza eta ekaina artean" irekiko dute Zubietako espetxe berria
Gipuzkoako espetxe berria ireki eta Donostiako kartzela zaharra eraitsiko dute. Ondoren, 400 etxebizitza babestu egingo dituzte Txomin Enean.
Cerdanek "errugabea" dela defendatu du eta adierazi du ez dela eta ez dela sekula izan Antxon Alonsoren bazkide
Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean agerraldia egin du Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkari ohiak, eta nabarmendu du ikerketa batzordea baino UPNren "mendeku" gosea asetzeko batzordea dela.
Estatuko Fiskaltza eta Abokatutza Puigdemonti amnistia ematearen alde agertu dira, Gorenaren ezezkoaren aurrean
Bi erakundeek Kontsituzionaleko berme-gortean aurkeztu dituzte beren idazkiak, Auzitegi Gorenak dirua bidegabe erabiltzeagatik amnistia ez aplikatzeko hartutako erabakiaren aurka presidente ohiak jarritako babes-errekurtsoa onar dezan eskatzeko. Bi erakundeek uste dute Auzitegi Gorenak amnistia aplikatu behar ziola, eta kritikatu dute Amnistia Legea modu "arrazoigabe eta arbitrarioan" interpretatu zuela, hura aplikatzea saihesteko.
Arabako Batzar Nagusiek ohorezko tituluak kendu dizkiete Francori eta Molari
Tituluak baliogabetzeko mozioa Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Pradalesek iritzi dio Sanchezek Estatutuarekiko duen borondatea "itxaropentsu" egoteko modukoa dela, baina ez du atzerapenik onartuko
Imanol Pradalesek gogorarazi du negoziazioei "jarraibide politiko erabakitzaileagoak onartuz" ekitea eskatu dutela. "Hau da, maila politikoan hitzartutakoak ez dituela etengabe topatzen oztopo eta erresistentzia administratibo eta politikoak. Jarrera horrek, ekintza politikoa debaluatzeaz gain, eragin zuzena du Euskadiren aukeretan eta euskal herritarren bizi-kalitatean", esan du.
Sanchezek agindu du "beharrezko neurri guztiak" hartuko dituela Adamuzeko istripuaren ostean, eta Estatuak azkar erantzun zuela defendatu
Espainiako Gobernuko presidenteak larrialdi dispositiboa berehala martxan jarri zuela defendatu du Kongresuan, eta biktimei laguntzeko administrazioen arteko koordinazioa nabarmendu du.
Euskal Herria herritarrei ziurtasuna emateko proiektu kolektiboa dela defendatuko du EH Bilduk Aberri Egunean
"Zazpiak bat egin" lelopean, koalizio abertzaleak apirilaren 5ean egingo du urteroko hitzordua, Iruñean.