Auzitegi Konstituzionala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Blanquernako eraso faxistaren epaia berriro idazteko agindu du Konstituzionalak

2013ko Diadan, hamalau faxista indarrez sartu ziren Generalitateak Madrilen duen egoitzan. Auzitegi Konstituzionalak esan du ez zutela epaiketa justua izan.
Generalitateak Madrilen duen egoitzan faxistek egindako erasoa.
Generalitateak Madrilen duen egoitzan faxistek egindako erasoa. Artxiboko argazkia: EiTB

Madrilgo Blanquerna kultura-etxean indarrez sartu ziren hamalau faxisten aurka emandako epaia berriro idazteko agindu dio Auzitegi Konstituzionalak Gorenari, epaiketa berme guztiekin egin ez zela iritzita.

Kataluniako Gobernuaren egoitza da Blanquerna zentroa eta 2013ko Diadan hitzaldi bat antolatu zuten han, baina faxista talde bat indarrez sartu zen aretoan eta ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten.

2016ko urtarrilean egin zuten epaiketa eta Madrilgo Lurralde Auzitegiak sei eta zortzi hilabete arteko espetxe-zigorra ezarri zien desordena publikoak eragitea leporatuta.

Alabaina, urtebete geroago eta Fiskaltzak eta Kataluniako Gobernuak aurkeztutako helegiteak aintzat hartuta, Auzitegi Gorenak zigorrak gogortu zituen. Arrazoi ideologikoengatik egindako erasoa izan zela argudiatuta, hiru eta lau urte arteko espetxealdia ezarri zizkieten auzipetuei.   

Zigortuen defentsak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, Gorenak akusazioaren printzipioa urratu zuela esanez. Hasieratik leporatu ez zieten delitu bategatik zigortu zituztela eta, ondorioz, defendatzeko aukerarik izan ez zutela argudiatu zuten abokatuek. Eta orain Konstituzionalak arrazoia eman die.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X