Aurrekontuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arabako Batzar Nagusiek aurrekontua osatzen duen 10 milioiko proiektua onartu dute

Foru Gobernuko alderdiek (EAJ eta PSE) PPrekin hitzartu dute proiektua. Besteak beste, Basque Culinary Center-en campusa eta Jundizeko automozio aurreratzuaren egoitza egiteko partidak zehaztu gorde dituzte.
Arabako Batzar Nagusiak. Argazkia: EFE.
Arabako Batzar Nagusiak. Argazkia: EFE.

Arabako Batzar Nagusiek aurtengo aurrekontu luzatuak osatuko dituen 9,8 milioi euroko foru arauaren proiektua onartu dute asteazken honetan. Foru Gobernuko alderdiak (EAJ eta PSE) PPrekin itxi dute akordioa inbertsio horiek aurrera atera ahal izateko.

Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak aurrekontu neurri horien alde egin du osoko bilkuran, "Arabako lehiakortasuna eta bizi-kalitatea hobetuko duten garrantzia handiko proiektu estrategikoak" burutzeko aukera ematen dutelako, aurten egingo diren inbertsioen bidez eta datozen ekitaldietarako konpromiso-kredituen bidez.

Besteak beste, Basque Culinary Centerren Gasteizko eta Guardiako ardo-campusetarako 8 milioi erreserbatu direla jakinarazi du. Jundizko automobilgintzako fabrikazio aurreratuko zentrorako 5 milioi bideratuko dira eta Forondako aireportuari laguntza emateko 6 milioi erabiliko dira, 2028a arte.

Oposizioko alderdiek PPrekin egindako akordioa kritikatu dute. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, negoziazio horretan "gobernuak ez dio aukerarik eman" bere taldeari, eta PP bezalako "bazkide erraz" baten alde egin du. Bereziki kritikoa izan da PSErekin, bere ustez "Foru gobernuak ezkerrera egin zezan saiatu behar zuelako", "eskuineko alderdi batekin" ituna egin beharrean.

Elkarrekin Araba taldeko David Rodriguezek "negoziatu nahi ez izatea" aurpegiratu die EAJri eta PSEri; "horretarako borondaterik ez" dutela izan eta proposamenekiko "jarrera eskasa" erakutsi dutela esan du. Gainera, bi alderdiek PPrekin "zentro-eskuineko ituna" sinatzearen alde egin izana deitoratu du.

Jonathan Romero Voxeko batzarkideak ere aurrekontuarekiko osagarriak diren neurriak hauek kritikatu ditu, "joera ideologikoa" ikusten baitu.

Iñaki Oyarzabal popularra pozik agertu da foru araua "baldintzatu" dutelako, "zehatzak, lehentasunezkoak edo beharrezkoak ez diren" partidak kenduz eta "gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko, mendekotasuna duten adinekoak dituzten familientzako laguntzak handitzeko, 45 urtetik gorako langabetuen kontratazioa errazteko eta herrietako denda txikiei laguntzeko proposamenak sartuz", besteak beste.

Foru gobernuko taldeen aldetik, aldiz,  Iñaki Ruiz de Galarreta nazionalistak "ezberdinen arteko akordioak lortzeko gaitasuna" goraipatu du.

Josu Lopez Ubierna sozialistaren ustez, Ramiro Gonzalezen kabineteak "ausardia politikoa" izan du neurri gehigarri horiek adosteko, luzatu dauden aurrekontuekinkudeatzen jarraitu beharrean.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X