Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuei ezarritako zigorrak
"Erakunde terroristako kide" izatea leporatuta 2022an Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak berretsi ditu, zazpi urte eta erdikoa Zuluetarentzat eta laukoa Enparantzarentzat, haien helegiteak baztertuta. Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiren helegiteak partzialki onartu ditu Gorenak eta urtebete murriztu die, ardura gutxiago zutela onartuta.
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza ETAko presoen abokatuei 2022an ezarritako espetxe zigorrak.
2010ean atxilotu eta 13/13 sumariopean epaitu zituzten 2005 eta 2010 bitartean izandako jarduerengatik. Zuluetaren kasuan 7 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, "erakunde terroristako kide" izateagatik, armak eta lehergaiak gordetzeagatik eta ETAren fronte juridikotzat jotzen den Halboka taldeko buru izateagatik. Jon Enparantzari 4 urteko espetxe-zigorra ezarri zion, ETAko kide izatea leporatuta.
Helegiteak aurkeztu zituzten biek, egozten zitzaizkienak baino ardura txikiagoak zituztela argudiatuta, baina Gorenak baztertu egin ditu bien helegiteak eta Auztegi Nazionalak ezarritako zigorrak bere horretan mantendu ditu.
Aldiz, partzialki onartu ditu 13/13 auzian zigortutako beste bi lagunen errekurtsoak, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegirenak, uste baitu haien ardura txikiagoa zela, mendeko kudeaketa eta erantzukizunak zituztelako, edo komunikaziokoak, ikertutako egituraren barruan, eta ez da egiaztatu loturarik indarkeriazko jarduerekin.
Horrela, Zuriarraini 3 urte eta erdiko kartzela-zigorra 2 urtera murriztu zaio, eta Sarriegiri 3 urtetik urte eta erdira.
2010ean Auzitegi Nazionaleko epaile zen Fernando Grande-Marlaskak agindutako operazio batean atxilotu zituzten hainbat lagun, tartean, aipatutako laurak, eta espetxera bidali zituen. Hamaika urte geroago, 2021ean hasi zen 13/13 sumarioari zegokion makroepaiketa.
Aurten 15 urte beteko dira ETAk jarduera armatua eten zuenetik, eta 8, egitura guztiak desegin zituenetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik