Beroagatik alerta laranja ezarriko dute asteazkenean eta ostegunean
Eusko Jaurlaritzak baso sute arriskuagatik ere abisu horia ezarriko du, tenperatura altuei hegoaldeko haizea gehitu beharko zaielako.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarriko du asteazkenean eta ostegunean, tenperatura altu iraunkorrengatik. Tenperatura maximoak 30 ºCtik gora kokatuko dira eta zenbait tokitan 34 graduraino iritsiko dira.
Gaur abisu horia dago indarrean tenperatura altu iraunkorrengatik eta 13:00etatik 20:00etara beste abisu hori bat aktibatu da, tenperatura oso altuengatik. Halaber, baso sute arriskuagatik abisu horia egongo da egun osoan, tenperatura altuei hegoaldeko haizea gehitu beharko zaielako.
Asteazkenean alerta laranja ezarriko dute, tenperatura altu iraunkorrak (33-34 gradu) espero baitira egun osoan. Halaber, 13:00etatik 20:00etara beste abisu hori bat aktibatuko da, tenperatura oso altuengatik.
Tenperatura altuak eta hegoaldeko haizearen intentsitatea direla eta, baso-sute arriskua ere aktibatuko dute egun osoan.
Ostegunean berriro tenperatu altu iraunkorrengatik alerta laranja egongo da indarrean. Tenperatura beroenak 32-33 graduren bueltan kokatuko dira.
Horrez gain, tenperatura oso altuengatik abisu horia aktibatuko da 13:00etatik 20:00etara. Baso sute arriskuagatik ere abisu horipean egongo da Euskal Autonomia Erkidegoa egun osoan.