Beste egun bero bat: Gau tropikalaren ondotik 36 graduko tenperatura maximoak espero dira
Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan tenperaturak ez dira 25 gradutik jaitsi goizaldean, eta egunean zehar baliorik beroenak 36 graduraino igoko dira. Sargori egingo du eta beroagatik ezarritako abisu horia gutxienez asteazkenera arte egongo da indarrean.
Beste gau tropikal bat, maiatzaren amaieran. Izan ere, goizaldean aise gainditu dira 20 graduak eta Euskal Herriko hainbat tokitan 25 gradutik ez dira jaitsi.
Goizaldeko baliorik altuenak Gipuzkoan neurtu dira: 27,3 gradu Pasaiako portuan, 26,8 gradu Santa Klara uhartean (Donostia), 26,7 gradu Zarautzen, 26,1 gradu Higerko itsasargian (Hondarribia) eta 25,6 gradu Behobian.
Bizkaian ere ez du freskatu goizaldean. Esaterako, 25,5 gradu erregistratu dira Urdulizen eta Matxitxakon, eta 25,4 gradu, Igorren.
Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, Donostian (25 gradu), Bilbon (23 gradu) eta Baionan (22 gradu) gau tropikala izan da. Iruñean eta Gasteizen, berriz, gau freskoagoa izan dute, 17 gradurekin.
Atzo egunean zehar ere bero egin zuen. Tenperaturarik altuena Amorotokoa izan zen (36,6 gradu), Gueñesen eta Oiartzunen aurretik (36 gradu). Gainera, Sondikan eta Sestaon merkurioa 35 graduraino iritsi zen.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur ere eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Seigarren egunez jarraian, termometroek 30 graduak gaindituko dituzte eta Kantauri isurialdeko hainbat tokitan 36 graduraino iritsiko dira, Baionan, esaterako.
Sargori egingo du, batez ere kostaldean eta hiriguneetan. Haizeak hegoaldetik joko du egunaren zati handi batean, baina arratsalde-gau partean baliteke kostaldean mendebal/ipar-mendebaldera aldatzea.
IRAGARPENA
Beroagatik ezarritako abisu horia asteazkenera arte egongo da indarrean
Zure interesekoa izan daiteke
Azaroari ekiteko, negu giroa
Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin
Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera