Udaberria bueltan da Euskal Herrian, eta ostegunetik aurrera 30 graduen bueltan ibiliko dira termometroak
Astelehen eta asteartean tenperaturak gora egingo du, apurka, eta hodeiak egongo dira.
Donostia, egun eguzkitsu batean; artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Udaberria berriz itzuliko da Euskal Herrira, bereziki asteazkenetik aurrera. Astelehen eta asteartean zeruak hodeitsu izango dira, eta tenperatura maximoak 20 gradu ingurukoak izango dira. Asteazkenetik aurrera, ordea, tenperaturek nabarmen egingo dute gora, eta ostegunean maximoak 30 graduen bueltan ibiliko dira.
Astelehena
Astelehen honetan goizean lanbroa eta lainoa nagusituko dira. Euskalmeten iragarpenaren arabera, zerua hodeitsu egongo da, erdi eta goi mailako hodeiekin; arratsaldean hodeitza areagotu egingo da.
Arratsaldean zaparrada ahul eta sakabanatuak egingo du. Haizea ahul eta aldakorra izango da, eta kostaldean itsas brisa ibiliko da. Arratsaldean, haizea mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik finkatuko da barnealdean, eta indartu egingo da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan ez de aldaketa handirik izango edo pixka bat igoko dira; maximoek, berriz, gora egingo dute.
Asteartea
Asteartean ere goizeko lanbroa eta lainoa izango dira, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Hodeiguneak tarteka agertuko dira, batez ere goizaldean eta arratsaldean. Arratsaldean zaparrada ahulak egiteko aukera egongo da, bereziki Gipuzkoako ekialdean.
Haizea hego osagaikoa eta ahula izango da goizaldean eta goizeko lehen orduetan; arratsaldean, berriz, ipar-ekialdetik joko du, bolada gogorrekin. Tenperaturek gora egiten jarraituko dute, baina neurrian.
Asteazkena
Asteazkenean ere goizeko lanbroa eta lainoa izango dira. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeiekin. Haizea ahula izango da, hego osagaikoa, bolada gogorrekin; arratsaldean itsas brisa ibiliko da.
Tenperatura minimoek ez dute aldaketa handirik izango edo zertxobait jaitsiko dira, eta maximoek gora egingo dute, Euskalmeten iragarpenaren arabera.
Osteguna
Ostegunean aldaketa are nabarmenagoa izango da. Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin agertuko da, eta tenperaturek goranzko joera argia izango dute.
Maximoek 30 graduak baino beroago joko dute, eta minimoak 15 gradu inguruan kokatuko dira Bilbon eta Donostian. Gasteizen eta Iruñean, berriz, termometroak 29 gradura irits daitezke egunez, eta gaueko tenperaturak ez dira 12 gradutik beherakoak izango. Eguraldi bero eta egonkorrak jarraituko du asteburuan.