UCO unitateko agenteek ez dituzte galderak erantzun Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, Auzitegi Gorenak hala aginduta
Santos Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia auzipetzea eragin duen auziari sekretua kendu diotela azaldu du UCO unitateko agenteetako batek, Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak egindako galderaren harira.
Nafarroako Gobernuaren obra publikoen lizitazioari eta esleipenari buruzko ikerketa batzordea. Artxiboko argazkia: EFE
Guardia Zibilaren UCO unitateko ikerketa taldearen bi arduradun joan dira gaur Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordera. Dena den, ez dute galderarik erantzun, Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente epailearen agindua betez.
Nafarroako Gobernuak azken lau legegintzaldietan esleitutako eta finantzatutako herri lanak ikertzen ari da aipaturiko batzordea, eta gaur agertzeko eskatu zien UCO unitateko bi agenteri.
Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramailea izan da hitza hartzen lehena eta Santos Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia auzipetzea eragin duen auzia sekretupean dagoen ala ez galdetu die. Beste galderarik erantzun ez badute ere, auziari sekretua kendu diotela azaldu du UCO unitateko agenteetako batek.
Jarraian, horietako batek onartu du "ohorea" dela ikerketa batzordearen aurrera agertzea, baina adieraz du, Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente magistratuaren agindua betez, ez dutela auziari buruzko adierazpenik egingo.
Azaldu dutenez, polizia judizial diren heinean magistratu horren mende daude eta haren aginduak betetzeko betebeharra dute.