Autogobernua

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadik aireportuen kudeaketan parte hartuko du, lehendakariak Pedro Sanchezekin adostu ostean

Bilkurak bestelako akordio batzuk ere ekarri ditu, hala nola herritarren segurtasuna hobetzekoak edo industria arloko enpresa ertain eta txikiei laguntzeko neurriak.

18:00 - 20:00

Euskadik “aireportuen kudeaketan parte hartu” ahal izango du, Aldebiko Aireportu Organo berri baten bidez. Hori da Imanol Pradales lehendakariaren eta Pedro Sanchez presidentearen bileratik ateratako albiste nagusietako bat. Adostutakoari esker, Jaurlaritzak “erabaki garrantzitsuetan eragiteko gaitasuna” izango du. Bilerak, halaber, bestelako akordioak ere ekarri ditu, hala nola herritarren segurtasuna hobetzekoak eta industria arloko enpresa ertain eta txikiei laguntzeko neurriak.

Bileraren amaieran, Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du Euskadik parte hartuko duela “aireportuen arloko erabaki estrategikoen definizioan eta orientazioan”.

"Kudeaketa partekatua"

Era berean, Jaurlaritzatik adierazi dutenez, akordioak “Euskadin kokatutako aireportu-azpiegituren gaineko kudeaketa partekatuaren esparrua ezartzea” ahalbidetzen du.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du Euskadik “erabaki estrategikoetan eragiteko gaitasuna” izango duela, hala nola plan zuzendarietan, Aireportuen Arautze Dokumentuan, inbertsioetan eta tarifetan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak “sistemaren garapenean eta konektibitatean jarduteko gaitasuna” izango du; horrela, “lurraldearen aireko konektibitate beharrak ebaluatzen” eta “ibilbide berriak sustatzen” parte hartuko du.

Lehendakariak, gainera, adierazi du Euskadik parte hartu ahal izango duela “aireportuen eta beste garraio publikoen arteko lotura bultzatzen”.

Azkenik, aireportuen arloko akordioak jasotzen du “Gasteizko aireportuan sandbox arautzaile bat ezartzea”. Helburua da Forondako aireportua “konektibitatea, intermodalitatea eta lurraldearen garapen ekonomikoa hobetzeko proba-ingurune bihurtzea”.

Bestelako akordioak

Aireportuen arloko akordio honetatik harago, herritarren segurtasunaren esparruan delituak behin eta berriz egiten diren kasuetan aplikatu beharreko irizpideak gogortzea adostu dute.

Horrekin batera, bi gobernuek akordioak lortu dituzte industriaren arloko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko eta finantziazioa emateko, nekazaritzako aseguru konbinatuetan, arrantza-ikuskaritzaren esparruan, eta segurtasun-zerbitzu pribatuen arloko lankidetza bultzatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X