Sanchezek iragarri du Carlos Cuerpo izango dela Maria Jesus Monteroren ordezkoa lehen presidenteorde gisa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Carlos Cuerpok Maria Jesus Montero ordezkatuko du lehen presidenteorde gisa, eta Ekonomia ministro izaten jarraituko du. Bestalde, Arcadi España Lurralde Politikako Estatu idazkariak hartuko du Ogasun ministro kargua.
Sanchezek "bihotzez" eskertu dizkio Monterori "Espainiaren zerbitzura egindako 8 urteko lan nekaezina". Halaber, "ezagutu duen politikarik onenetako bat" dela eta "Gobernu honetan funtsezko zutabea" izan dela adierazi du.
Gobernuko presidenteak aldaketa horien berri eman dio erregeari, eta presidenteorde berria ere goraipatu du, Estatuko ekonomialari eta zerbitzari publiko bikainenetako bat delakoan. "Carlos lan aparta egiten ari da Ekonomia Ministerioaren buruan, eta ziur nago lehen presidenteorde zoragarria izango dela", esan du.
Ogasun ministro berriari dagokionez, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna dela, Zuzendaritza eta kudeaketa publikoko masterra duela eta Valentziako Generalitateko Lurralde eta Ogasun Politikako kontseilari eta hainbat ministeriotako kide gisa Estatuaren zerbitzura ibilbide luzea duela azaldu du Sanchezek.