"Gatazka piztu da berriro" Ertzaintzan, Euspelen arabera
Sindikatua hirugarren indarra izatetik lehen indarra izatera igaro da, 1.732 boto bildu eta 20 ordezkari eskuratuta. "Euspel ez da aldatuko lehen indarra izateagatik", esan du Joseba Saralegi Euspeleko ordezkariak.
Ertzaintzako hauteskunde sindikalak egin eta biharamunean, Ertzaintzako gatazka berriro piztu dela esan du hauteskundeak irabazi dituen Joseba Saralegi Euspel sindikatuko ordezkariak. Euspelek 1.732 boto eta 20 delegatu lortu ditu, hirugarren indarra izatetik lehengo indarra izatera igarota.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Saralegik argi utzi nahi izan du Euspelen jarduna ez dela aldatuko lehen indarra izateagatik, eta afiliatuekin 24 orduko komunikazioa, naturaltasuna, gertutasuna eta sinpletasuna izaten jarraituko dutela nabarmendu du.
Nolanahi ere, Euspel mahaian eseri eta negoziatzeko prest dagoela ziurtatu du Saralegik. "Desorekak konpontzen saiatuko gara, baina ez dugu gure jarrera aldatuko", gaineratu du.
Bestalde, Saralegik adierazi du atzo Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak deitu ziola Bingen Zupiria sailburuaren izenean zorionak emateko. “Segurtasun Sailak ezustekoa jaso duela uste dut, shock egoeran daude. Egun batetik bestera gatazka piztu da berriro", esan du.
Euspelek irabazi ditu Ertzaintzaren hauteskunde sindikalak, eta 20 delegatu izango ditu
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela