Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen salerosketan "bitartekari lanak" egingo ditu, ezkutuko gainprezioak saihesteko
Esleipena ez da egongo partikularren arteko "akordio pribatuen mende", eta Etxebideren bidez bideratutako prozedura baten bidez egingo da. "Guk esango diogu nork erosiko dion", azaldu du Itxasok.
"Ia instituzionalizatzen ari den arazo bat antzeman dugu: babestutako etxebizitzen salerosketa, altzariei esleitu ohi zaien gainprezio baten truke". Praktika "irregular" horri aurre egiteko, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak iragarri du Etxebizitzaren Euskal Legea aldatzeko lanean ari direla, aurrerantzean bere saila babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) salerosketan "modu aktiboan bitartekari" izateko. Eroslea Etxebideren erregistroaren bidez izendatu nahi da, eta horrela, "ezkutuko gainprezioen kobrantzarekin lotutako iruzurrezko praktikak saihestu".
Cadena Ser irrati-katean egin du iragarpena Itxasok. Esan duenez, Jaurlaritzaren helburua da salmentan dauden babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eta ondorengo eskualdatzeen gaineko "kontrol publikoa indartzea", bereziki, babes iraunkorra duten etxebizitzetan . "Egin nahi duguna da Jaurlaritzak erabaki dezala nork erosiko dituen etxebizitza horiek", adierazi du sailburuak.
Orain arte, Gasteizko Gobernuak horrelako operazioetan izan duen esku-hartzea "eskualdaketak ikusi eta onestera mugatzen" zen; erosleak etxebizitza babestua eskuratzeko eskatzen ziren baldintzak betetzen zituela egiaztatzea zen bere egitekoa. Legearen erreformarekin, BOE baten jabe den edonork, saldu nahi badu, Etxebizitzako lurralde ordezkaritzei jakinarazi beharko die, eta haiek hartuko dute beren gain prozesuaren bitartekaritza.
Esleipena ez da egongo partikularren arteko akordio pribatuen mende, eta Etxebideren bidez bideratutako prozedura garden baten bidez egingo da. "BOE baten jabe batek saldu nahi duenean, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzako lurralde-ordezkaritzetara etorri beharko du eta saldu nahi duela esan, eta guk esango diogu nork erosiko dion", azaldu du Itxasok.
Etxebideren erregistroa
Zehaztu duenez, babestutako etxeak salerosteko, Etxebiden izena emanda dauden pertsonak hartuko dira erreferentziatzat, etxea erosteko interesa adierazi dutenak. "Eroslearen beharra etxebizitzaren tamainara zenbat egokitzen den, Etxebiden zenbat urte daramatzan zain eta hautagai egokiena aukeratzeko beste elementu batzuk ebaluatuko ditugu", erantsi du.
Saltzaileak erosle bat "epe laburrean eta zalantzarik gabe" izatea da asmoa. "Gehienez ere, hiru edo lau hilabeteko epean saltzaileak erosle bat izango du, eta Gobernuak esango dio".
Azkenik, Itxasok gogoratu du tentsio handiko eremuetan dauden eta BOE kalifikazioa galtzear duten etxebizitzek "babesa mantenduko" dutela toki horrek tentsiopean jarraitzen duen bitartean.