Euspelek irabazi ditu Ertzaintzaren hauteskunde sindikalak, eta 20 delegatu izango ditu
Esan bigarren indar gisa kokatu da, horrek ere 20 delegatu lortu baititu. ErNE, azken bi hamarkadetan EAEko polizia autonomikoan gehiengoa izan duen sindikatua, berriz, hirugarren postuan geratu da.
Hauteskundeak egin dituzte Ertzaintzan. Argazkia: Segurtasun Saila
Euspelek irabazi ditu ostegun honetan Ertzaintzan egindako hauteskundeak, 1.732 boto jaso eta 20 delegatu izango baititu. Esanek ere 20 ordezkari izango ditu, nahiz eta 67 boto gutxiago bildu.
Hauteskunde hauek utzi duten aldaketa nagusia ErNEren atzerakada izan da. Azken bi hamarkadetan Ertzaintzan nagusi izan den sindikatua hirugarren postura jaitsi da, 1.280 boto lortuta 15 delegatu izango baititu, orain arte baino 7 gutxiago. Askoz atzerago geratu da SiPE, 354 boto jasota 4 delegatu izango baititu, 3 gutxiago.
ELAk, bere aldetik, ordezkari bakarra izango du, orain arte 4 ordezkari izan arren. Ekos lehen aldiz aurkeztu da hauteskundeetara, eta 160 boto eskuratu ditu, baina ez du ordezkaritzarik lortu.
Aurreko hauteskunde sindikaletan, 2022ko otsailaren 10ean egindakoetan, ErNEk 22 delegatu lortu zituen; Esanek, 20; Euspelek, 10; SiPEk, 7; eta ELAk, 4.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela