CAFen Beasaingo eta Irungo lantegietan enpresaren azken eskaintza ontzat eman dute
CAFen Beasaingo eta Irungo lantegietako langileen gehiengoak ontzat eman du lan-hitzarmena berritzeko zuzendaritzak egindako azken proposamena, eta horrenbestez, bertan behera utzi dituzte duela hiru aste abiatutako mobilizazioak.
LABek —gehiengoa du bi plantetan— zabaldutako oharraren arabera, hiru urteko iraupena izango duen akordioak "aurrerapauso esanguratsuak" jasotzen ditu. Besteak beste, Beasaingo lantegietan gutxienez 200 pertsona kontratatzeko konpromisoa hartu du zuzendaritzak, eta Irungoan, beste 40. Horrez gain, errelebo-kontratuak egitea ere "bermatuta" geratu da.
Sindikatuaren hitzetan, soldata igoerak Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) gainetik izatea jasotzen du akordioak, eta hitzarmen berria indarrean dagoen bitartean, kolektibo guztiei 1.592,5 orduko lanaldia ezarriko zaie. Gainera, lehen aldiz, lau txandatan aritzen diren langileek astean 35 ordutik beherako lanaldia izango dute, urtean 1.584,5ekoa. "Horrek atea irekitzen dio etorkizunean gainerako langileentzat ere lanaldi murrizketak lortzeari".
Halaber, lan-bidaietako "baldintzak hobetuko" eta euskara ikasteko prestakuntzaren baldintzak "beste hizkuntzen pare" jarriko dira.
LABek "balorazio positiboa" egin du, eta mobilizazioek negoziazio prozesuan izan duten "pisua" nabarmendu du, "hori izan baita patronalaren jarrera mugitu duena". Sindikatu abertzaleak afiliatuen artean egindako barne galdeketan, parte hartu dutenen ia % 79k babestu dute eskaintza.