Abalosek ez du onartu UCOk harekin lotzen dituen "justifikatu gabeko" 94.000 euroen gaineko akusazioa: "Ezin naute horrekin nahasi"
Ministro ohiak akusatu gisa deklaratu du Auzitegi Gorenean, eta aholkulari ohiaren izendapena defendatu du, "leiala" zelako.
Jose Luis Abalos Garraio ministro ohia ironiko agertu da Auzitegi Gorenean Victor de Aldama komisio-hartzaileak egotzi dizkion milioien harira, eta argi utzi du: “Ezin naute horrekin nahasi”.
Pandemia garaian maskara-kontratu publikoetako ustezko ustelkeria auzian akusatu gisa emandako deklarazioan, PSOEko agintari ohiak azpimarratu du Guardia Zibilak azken 10 urteetako haren ondarea ikertu duela, eta jatorri ezezaguneko 94.000 euro baino gehiago aurkitu dituela. Abalosek kopuru hori zalantzan jarri du, eta, nolanahi ere, horien jatorria azaldu dezakeela ziurtatu du.
“Ez dute modurik izan gehiago aurkitzeko, eta saiatu daitezke, baina ezingo naute horrekin nahasi”, adierazi du Abalosek. Gainera, gaineratu du hori egia balitz, hilean 500 euroko diru-sarreren baliokidea litzatekeela, musukoen “ustelkeria kasu handi” horren testuinguruan.
Ministro ohia azarotik behin-behineko espetxealdian dago, eta "pozarren" agertu da Aldamak deklaratzen duen bakoitzean jasotako milioiak aregotu egiten direlako, “zenbat eta milioi gehiago izan, orduan eta errazagoa baita kopuru hori topatzea”.
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren (UCO) ondare-txostena "zorrotz" aztertzea eskatu du Abalosek. Izan ere, bere kalkuluen arabera, jatorri ezezaguneko diru hori 94.000 euro baino "dezente gutxiago" da. Haren ustez, UCOk Koldo Garcia aholkulari ohi eta akusatuaren mezuetatik atera du informazio hori.
Era berean, ikerketaren hainbat puntu kritikatu ditu Abalosek, hala nola emazte ohiak familia-ekonomiari egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana eta jatorri ezezaguneko diru-sarreren artean Koldo Garciak bere jabetzako pisu baten alokairuaren truke hilero ordaintzen ziona sartu dutela.
Azkenik, bere egoera ekonomiko “larria” deskribatzeko, aitortu du ez duela dirurik ezta presondegiko pekuliorako ere (presoek haien gastuetarako duten kopuru finkatua).
"Leiala zen"
Garraio ministro ohiak aitortu du "lotura berezia" izan zuela Koldo Garcia aholkulariarekin, eta Victor de Aldama ezagutu izana ez dela "ospatzeko ezer".
Abalosek azaldu du Koldo Garcia Garraio Ministerioko aholkulari izendatu zuela "eskerrak emateko", PSOEren Antolakuntza idazkari izan zenetik gidari, laguntzaile pertsonal eta segurtasun arduradun gisa lan egin ostean.
Zehaztu duenez, Ministerioan sartu zenean funtzio horiek betetzen jarraitzeko modu "bakarra" kabineteko taldean sartzea zen, izendapen askeko aholkularien kupoan.
Gauzak horrela, azpimarratu du aholkulari ohiarekin harremana eremu profesionaletik haratago joan zela. Abalosek aitortu du hurbiltasun pertsonalaren ondorioz "lotura berezia" sortu zela, Koldo Garciak bere bizitza pribatuko hainbat alderditan parte hartu baitzuen, baina, adierazi duenez, ez zituen beste kolaboratzaile batzuekin partekatu.
Victor de Aldamari dagokionez, ministro ohiak adierazi du ez duela zehatz-mehatz gogoratzen noiz ezagutu zuen, baina bilera 2018ko azken hiruhilekoan egin zutela uste du, ziurrenik irail-urrian. Azaldu duenez, Koldo Garciak antolatutako aurkezpena "oso azkarra" izan zen, auto batera igotzera zihoala, eta ironiaz amaitu du gertakaria: "Ez dago ezer ospatzeko".
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 24 urteko espetxe-zigorra eskatu du Abalosentzat, 19koa Koldo Garciarentzat eta 7koa Aldamarentzat, eta herri-akusazioek, PP buru dutela, 30 urtera igo dute eskaera ministro ohiarentzat eta aholkulari ohiarentzat.
Jessica Rodriguez
Garraio ministro ohiak iradoki duenez, Jessica Rodriguez bikotekide ohiak Victor de Aldama komisionistarekin hitzartu du epaiketa. Esan zuen ez zuela ezagutzen.
Hala ere, Abalosek baieztatu du bikotekide ohiak eta Aldamak elkar ezagutzen zutela. "Ez dut uste arrazoirik dagoenik hori esateko, elkarrekin zerbait konpondu ez badute behintzat", nabarmendu du.
"Duela asko epaitu" zuten, eta "epaia argi dago"
Jose Luis Abalosek salatu duenez, kasua "argi eta garbi mediatikoa da, aspaldi epaitu" dute, eta "zigorra argia da". Telebista-ekoiztetxeek "jende zaurgarriari" ordaindu diote, eta "gidoia" sortu.
"Prozesuaren miseriaren parte da", azpimarratu du buruzagi sozialista ohiak fiskalaren galdeketan, eta bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu, puntuz puntu.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik