EITB Focus
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJk bere nagusitasunari eutsiko lioke Bizkaian, baina EH Bilduk nabarmen egingo luke gora

Foru hauteskundeetarako urtebete falta denean egindako galdeketaren arabera, EAJk 2023ko emaitzak berdinduko lituzke, eta EH Bilduk 4 puntu egingo luke gora.

EAJk nagusitasunez irabaziko lituzke foru hauteskundeak Bizkaian, baina EH Bilduk nabarmen egingo luke gora. Jeltzaleek duela lau urteko emaitza berdinduko lukete, botoen % 39,2 eskuratuta, EITB Focusen inkestaren arabera. Koalizio abertzaleak, berriz, 4 puntu egingo luke gora, %29,6raino.

Horrela, jeltzaleek beren nagusitasunari eutsiko liokete, 10 bototik 4 eskuratuta, baina EH Bildurekiko tartea murriztuko litzateke. Bi indar abertzaleen botoak gehituta, 10 bototik 7 eskuratuko lituzkete.

Gainerako alderdiei dagokienez, PSE-EEk 2 puntu galduko lituzke, eta % 14an geratuko litzateke. PPk ere ia 2 puntu galduko lituzke, botoen % 6,6 eskuratuta.

Galerarik handiena Bizkaian ezker konfederalak izango luke: Podemos % 3,1era jaitsiko litzateke eta Sumar % 3,5ean geratuko litzateke. Voxek, azkenik, botoen % 2,6 eskuratuko lituzke.

Bestalde, EITB Focusen inkestak ahaldun nagusien ezagutzaren, onespen mailaren eta balorazioaren inguruan galdetu du.

Ezagutzari dagokionez, inkestatutako bizkaitarren % 64,5ek ezagutzen dute Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia, eta 5,9ko nota ematen diote. 

Bilbo

EITB Focusen inkestak ez du Bilboko boto-asmorik neurtu, baina zabaldu ditu Udalari buruzko zenbait datu, bereziki Juan Mari Aburto alkatearen ezagutza eta onespen mailari buruz.

EITB Focusek inkestatutako bilbotarren % 96,2k ezagutzen dute Aburto; horien artean, % 66,4k onetsi egin dute haren jarduna, eta batez beste 5,5eko nota jaso du.

Udalaren kudeaketari dagokionez, inkestatuek 5,98ko nota eman diote gobernu taldearen kudeaketari.

Beste zenbait udalerri

Inkestan, beste udalerri batzuetako kudeaketari buruz ere galdetu dute, baita alkateen ezagutza eta onespen mailari buruz ere. Bilbokoaz gain, Barakaldo, Getxo eta Basauriko kudeaketa aztertu dituzte Bizkaian.

Barakaldon, Amaia del Campo alkateak % 96ko ezagutza maila du herritarren artean; 5,7ko balorazioa jaso du, eta onespen maila % 71koa da.

Getxon, berriz, Amaia Agirre alkateak % 94,9ko ezagutza du; 3,8ko balorazioa eskuratu du, eta onespen maila % 36,2koa da.

Basaurin, azkenik, Asier Iragorri alkateak % 97,1eko ezagutza maila du herritarren artean; 6,1eko balorazioa lortu du, eta onespen maila % 72,4koa da.

Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak 

EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.

Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.

Metodologia eta lagina

Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.

Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.

Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.

Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.

Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.

Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.

Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.

Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.

Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X