EITB Focus
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJ eta EH Bildu parez pare Araban, baina jeltzaleak aurretik lirateke

Foru hauteskundeetarako urtebete falta denean, bai jeltzaleek bai koalizio abertzaleak bi puntu baino zertxobait gehiago irabaziko lituzkete; PSEk eta PPk, berriz, indarra galduko lukete.

EAJ nagusituko litzateke datorren urteko foru hauteskundeetan Araban, baina alde estuarekin. EITB Focus inkestaren arabera, jeltzaleek botoen % 28,6 eskuratuko lukete, eta EH Bilduk % 27,9 inguruko babesa izango luke; hortaz, bi indarren arteko aldea puntu batetik beherakoa litzateke.

Bi alderdiek azken urteetako goranzko joerari eutsiko liokete. EAJk 2,3 puntu egingo luke gora, 2023ko foru hauteskundeetako emaitzekin alderatuta; EH Bilduk, berriz, 2,4 puntu irabaziko lituzke azken foru bozekin konparatuta.

Kontrako norabidean ariko lirateke PSE-EE eta PP. Inkestaren arabera, bi alderdiek bi puntutik gorako galera izango lukete. Sozialistek botoen %16,4 bilduko lukete, 2023an baino 2,4 puntu gutxiago. PPk ere antzeko beherakada izango luke: azken foru hauteskundeetan lortutako %17,3tik %14,9ra igaroko litzateke.

Gainerako indarrei dagokienez, Voxek Araban izango luke gorakadarik handiena: boto asmoaren %4,6 lortuko luke, orain baino 1,5 puntu gehiago. Ezker konfederalaren esparruan, berriz, Sumarrek (% 2,9) eta Podemosek (% 2,6) ez lukete % 3ko langa gaindituko; hortaz, banaka aurkeztuz gero, ordezkaritzarik gabe gera litezke.

Udal hauteskundeak

Udal hauteskundeei dagokienez, EITB Focus inkestak ez du boto asmorik neurtu datorren urteko udal bozei begira, baina udal kudeaketari lotutako hainbat alderdi jaso ditu.

Gasteizen, Maider Etxebarria alkate sozialistak %95eko ezagutza maila du, eta inkestatutakoen % 48k ontzat jo dute haren kudeaketa. Balorazioari dagokionez, 4,8ko nota eman diote.

Arabako beste hiru udalerritako alkateen kudeaketa ere aztertu du inkestak: Laudio, Amurrio eta Agurain. Laudion, Ainize Gastaka EH Bilduko alkateak % 95,5eko ezagutza maila du, % 61eko onespena eta 5,7ko batez besteko nota.

Amurrion, Txerra Molinuevo EAJko alkateak % 96,5eko ezagutza maila du, % 55,9ko onespena eta 5,6ko batez besteko balorazioa.

Azkenik, Aguraingo alkate Raul Lopez de Uraldek (EH Bildu) % 88,9ko ezagutza maila du, % 68ko onespena eta 6,2ko batez besteko nota.

Metodologia eta lagina

Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.

Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.

Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.

Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 bana hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 bana Llodio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.

Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.

Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.

Inkesten %24 euskaraz egin dira, eta gainerako %76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.

Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.

Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X