EH Bilduk aldea handituko luke Gipuzkoan, EAJk ere gora egin arren
EAJk emaitzak hobetuko lituzkeen arren, koalizio abertzaleak bere lidergoa sendotu eta 6 puntuko aldea lortuko luke, EITB Focusen arabera.
EH Bildu nabarmen sendotuko litzateke Gipuzkoan, botoen ia % 40 jasota (% 39,7, 2,4 puntu gehiago), eta bere nagusitasuna finkatuko luke lurraldean. EITB Focusen azken inkestaren arabera, EAJk ere emaitzak hobetuko lituzkeen arren (botoen % 33,7 eskuratuta, 1 puntu gehiago), koalizio abertzaleak jeltzaleekiko aldea handituko luke, 6 puntuko arrakala irekiz (egun 4,7 puntuko tartea dago).
EH Bildu eta EAJ lirateke Gipuzkoan gora egingo luketen alderdi bakarrak, eta joera bipartidista sendotuko lukete: botoen % 73 baino gehiago bilduko lituzkete bien artean.
PSE-EEk, berriz, botoen % 14,5 inguru eskuratuko lituzke, 1,5 puntu galduta. PPk, berriz, botoen % 5,3 eskuratuko lituzke, 1 galduta.
Ezker konfederalaren espazioari dagokionez, botoen % 4 inguru lortuko lituzke: % 2,3 Sumarrek eta % 2,1 Podemosek. Voxek, azkenik, botoen % 1,7 lortuko lituzte.
Ezagutza eta balorazioa
Inkestak aldundietako eta udaletako arduradun nagusien ezagutza eta balorazioa ere aztertu ditu. Gipuzkoan, inkestatuen % 69,3k esan dute Eider Mendoza diputatu nagusia ezagutzen dutela, eta batez beste 6,2ko nota eman diote.
Udalei dagokienez, EITB Focusen inkestak ez du udal hauteskundeetarako boto asmorik neurtu, baina udal kudeaketari buruz galdetu du.
Donostian, esaterako, inkestak argi utzi du Jon Insausti alkateak ezagutza handia eta onespen maila handia dituela, nahiz eta zazpi hilabete baino ez daramatzan karguan. Inkestatutako donostiarren % 96,3k ezagutzen dute, eta % 66,9k ontzat jo dute horren jarduna. Donostiako alkateak 6ko nota jaso du, hiriburuetako alkateen artean altuena.
Inkestak Euskal Herriko beste udalerri batzuetako kudeaketari buruz ere galdetu du. Gipuzkoari dagokionez, Irun, Eibar eta Tolosako udal kudeaketa aztertu ditu.
Cristina Laborda Irungo alkateak % 95,2ko ezagutza maila, % 62,7ko onespena eta 5,3ko balorazioa lortu ditu. Eibarri dagokionez, berriz, Jon Iraola alkate sozialistak ezagutza maila altua du, alkate guztien artean altuena: Eibarren inkestatutako % 98,8k ezagutzen dute, eta % 72,2ko onespena eta 5,8ko balorazioa lortu ditu.
Azkenik, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak % 93,7ko ezagutza maila, % 81,9ko onespen maila eta 6,9ko balorazioa lortu ditu. Datu horien arabera, Tolosako alkatea da inkestan ageri diren udal arduradunen artean baloraziorik onena jaso duena.
Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak
EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.
Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.
Metodologia eta lagina
Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.
Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.
Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.
Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.
Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.
Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.
Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.
Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Migraina kasuak ia bikoiztu egin dira 1990etik, eta gero eta gehiago izango direla aurreikusten dute adituek
Gaixotasun horrek desgaitasuna eta tentsio-motako zefalea areagotzea ekar lezake, batez ere 50 urteko emakumeen kasuan.
Odol-test berri batek alzheimerrerantz daraman narriadura kognitibo arinaren progresioa detektatzen du
Test berri honek biomarkatzaile berriak neurtzen ditu eta datu klinikoekin konbinatzen ditu, zehaztasun handiz iragartzeko narriadura kognitibo arina duten zein pazientek egingo duten aurrera alzheimerrerantz eta zeintzuk mantenduko diren egonkor.
Litioa erabakigarria izan liteke Alzheimerra agertzeko eta gaixotasunaren aurkako tratamendua emateko
Harvardeko ikertzaileek aurkitu dute garuneko litioaren galerak oroimenaren narriadura bizkortzen duela, gaixotasunari lagunduz. Nature aldizkarian argitaratutako eta 10 urtetan egindako lanak lehen aldiz erakusten du litioa modu naturalean produzitzen dela garunean, eta neurodegeneraziotik babesten duela.
Osakidetzak profesionalek baliozkotutako edukiak dakartzan webgune bat prestatu du
Kontsultan bertan eduki jakin bat (ikastaroak, tailerrak, material multimedia...) agindu edo preskribatzeko aukera ematen die osasun arloko profesionalei, pazienteek eta familia zaintzaileek ezagutza zabaldu eta beren gaixotasuna hobeto kudea dezaten.