UPN lehen indarra izango litzateke Nafarroan, gehiengotik urrun; PSN zein EH Bildu, bigarren izateko lehian
Eskuinaren batuketa (UPN, PP eta Vox) gehiengo osotik urrun geratuko litzateke; eta PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta ezker konfederalak gobernu aurrerakoi bat berrets lezakete.
UPN nagusituko litzateke Nafarroako Parlamenturako datorren urteko hauteskundeetan, baina oso zail izango luke gobernatzeko, EITB Focusen azken inkestaren arabera. UPNren, PPren eta Voxen baturak urrun izango luke gehiengo osoa, eta indar aurrerakoiek (PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta ezker konfederala) aukera izango lukete gobernu progresista berriz osatzeko.
UPNk 2015ean boterea galdu zuenetik hamar urte igaro direnean, alderdi erregionalistak zail du oraindik Nafarroako Jauregira itzultzea. EITB Focusen inkestaren arabera, UPNk botoen % 26,2 lortuko lituzke (2 puntu baino gehiago galduko lituzke). Hala ere, PPren babesarekin (botoen % 7,5 eskuratuko lituzke) eta Voxen emaitzekin (botoen % 6,7; hau da, aurrekoetan baino 2,3 puntu gehiago) batuta ere, eskuineko blokeak ez luke gobernatzeko beharrezkoa den gehiengo osoa eskuratuko.
Egungoaren antzeko ordezkaritza lortuko lukete, edo zertxobait apalagoa, baina Vox indartuta aterako litzateke, UPNren kaltetan.
Gobernua berritzeko aukera
Beste aldean, Nafarroako Gobernua osatzen duten edo kanpotik sostengatzen duten indarrek egungo gobernua berritzeko aukera izango lukete, emaitzak zertxobait hobetuta.
PSN eta EH Bildu bigarren indarra izateko lehian ariko lirateke. Sozialistei botoen % 20,5 ematen die inkestak (2023an lortutakoa baino puntu erdi gutxiago), eta EH Bilduk % 19,9 eskuratuko lituzke (2023an baino 2,5 puntu gehiago).
Geroa Bai laugarren indarra izango litzateke berriro ere, botoen % 13rekin (puntu erdi galduko luke). Ezker konfederalak, berriz, botoen % 5,6 lortuko lituzke (botoen % 6,2 eskuratu zituen 2023an). Contigo Navarra/Zurekin Nafarroa markari buruz ere galdetu dute, baina oraindik ez dago argi zein izenekin aurkeztuko den.
Liderren balorazioari dagokionez, Maria Chivite Nafarroako presidenteak % 64,7ko onespen indizea du eta 5,2ko balorazioa.
Iruñeko egoera
EITB Focusen inkestak ez du Iruñeko boto-asmorik neurtu, baina udalari buruzko zenbait datu eta Joseba Asiron alkatearen ezagutza eta onespen mailari buruzkoak zabaldu ditu.
EITB Focusek Iruñean galdekatu dituen herritarren % 96,7k ezagutzen dute Joseba Asiron; galdetutakoen % 66,1ek onespena eman diote, eta batez beste 5,7ko nota jaso du.
Udalaren kudeaketari dagokionez, inkestatuek 5,98ko nota eman diote gobernu taldearen kudeaketari.
Hurrengo udal hauteskundeetarako boto-asmoari dagokionez, inkestak boto fideltasuna neurtu du. PPk eta EH Bilduk dituzte boto-emaile fidelenak: 2023an botoa PPri eman ziotenen % 100ek eta EH Bilduri eman ziotenen % 91,1ek errepikatu egingo lukete.
Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak
EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.
Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.
Metodologia eta lagina
Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.
Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.
Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.
Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.
Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.
Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.
Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.
Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Migraina kasuak ia bikoiztu egin dira 1990etik, eta gero eta gehiago izango direla aurreikusten dute adituek
Gaixotasun horrek desgaitasuna eta tentsio-motako zefalea areagotzea ekar lezake, batez ere 50 urteko emakumeen kasuan.
Odol-test berri batek alzheimerrerantz daraman narriadura kognitibo arinaren progresioa detektatzen du
Test berri honek biomarkatzaile berriak neurtzen ditu eta datu klinikoekin konbinatzen ditu, zehaztasun handiz iragartzeko narriadura kognitibo arina duten zein pazientek egingo duten aurrera alzheimerrerantz eta zeintzuk mantenduko diren egonkor.
Litioa erabakigarria izan liteke Alzheimerra agertzeko eta gaixotasunaren aurkako tratamendua emateko
Harvardeko ikertzaileek aurkitu dute garuneko litioaren galerak oroimenaren narriadura bizkortzen duela, gaixotasunari lagunduz. Nature aldizkarian argitaratutako eta 10 urtetan egindako lanak lehen aldiz erakusten du litioa modu naturalean produzitzen dela garunean, eta neurodegeneraziotik babesten duela.
Osakidetzak profesionalek baliozkotutako edukiak dakartzan webgune bat prestatu du
Kontsultan bertan eduki jakin bat (ikastaroak, tailerrak, material multimedia...) agindu edo preskribatzeko aukera ematen die osasun arloko profesionalei, pazienteek eta familia zaintzaileek ezagutza zabaldu eta beren gaixotasuna hobeto kudea dezaten.