EITB Focus
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zeintzuk dira balorazio onena duten udal eta lurralde agintariak?

EITB Focusek udal eta lurralde mailako buruzagi nagusien ezagutza eta onespen maila aztertu ditu.

Udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean, EITB Focus inkestak herritarren iritzia jaso du udal eta lurralde mailako ordezkari nagusien inguruan. Galdeketak erakutsi duenez, erakundeetako arduradunen ezagutza maila handia da, oro har, baina alde nabarmenak daude onespen eta balorazio datuetan.

Aldundiak

Inkestaren arabera, herritarrek hobeto ezagutzen dituzte udalerrietako alkateak, lurraldeetako herritarrek diputatu nagusiak baino. Aldundiei erreparatuz, Ramiro Gonzalez (EAJ) da ezagunena, % 76,5eko ezagutza mailarekin. Arabarrak atzetik ditu Eider Mendoza gipuzkoarra (EAJ), % 69,3rekin, eta Elixabete Etxanobe (EAJ) bizkaitarra, % 64,5ekin.

Onespen mailari dagokionez, Gonzalezek lortu du daturik onena: herritarren % 54k ontzat jo dute horren jarduna, eta 5,7ko nota eman diote. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak % 51,1eko onespena eta 6,2ko balorazioa eskuratu ditu, hiru lurraldeetako nota altuena. Elixabete Etxanobek, berriz, 5,9ko nota lortu du.

Nafarroan, berriz, Maria Chivite presidenteak (PSN) % 64,7ko onespen maila lortu du, eta 5,2ko balorazioa du. Foru presidentearen ezagutza maila, berriz, oso altua da: % 97,9koa.

Hiriburuetako alkateak

Hiriburuetan, alkate guztiek dute % 95 inguruko ezagutza maila, baina balorazioetan alde handiak ageri dira.

Bilbon, Juan Mari Aburtok (EAJ) % 66,4ko onespena eta 5,5eko balorazioa eskuratu ditu. Donostian, Jon Insausti (EAJ) alkateak % 66,9ko onespena eta 6ko balorazioa lortu ditu. Gasteizen, aldiz, Maider Etxebarria (PSE) alkateak % 48ko onespena eta 4,8ko balorazioa lortu ditu.

Nafarroako datuei dagokienez, Iruñeko alkate Joseba Asironek (EH Bildu) % 96,7ko ezagutza maila du; horren kudeaketa herritarren % 66,1ek babestu dute, eta 5,7ko balorazioa jaso du.

Beste udalerri batzuk

EITB Focusek beste hainbat udalerritako alkateen inguruko iritzia ere bildu du. Bizkaian, Barakaldo, Getxo eta Basauri aztertu dituzte; Gipuzkoan, Irun, Eibar eta Tolosa; eta Araban, Laudio, Amurrio eta Agurain.

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok (EH Bildu) du onespen mailarik handiena: inkestan parte hartu duten tolosarren % 81,9k ontzat jo dute horren jarduna. Ondoren, Basauriko alkate Asier Iragorri (EAJ) dago, % 72,4ko onespen mailarekin, eta Eibarko alkate Jon Iraola (PSE) da jarraian, % 72,2koarekin.

Balorazioari dagokionez ere, Tolosako eta Basauriko alkateek puntuazio handiak jaso dituzte: 6,9 eta 6,1eko nota, hurrenez hurren. Horiekin batera, Aguraingo alkate Raul Lopez de Uralde (EH Bildu) nabarmendu da, 6,2ko balorazioarekin.

Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak 

EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.

Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.

Metodologia eta lagina

Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.

Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.

Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.

Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.

Errore-marjina ±% 1,5ekoa da datu orokorretarako; ±% 3,17koa da Arabako Lurralde Historikorako; ±% 2,53koa da Bizkaiko Lurralde Historikorako; ± % 2,82koa, Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±% 3,99 koa, berriz, Nafarroarako, % 95eko konfiantza-mailarekin.

Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.

Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.

Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.

Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X