EUSTAT
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAEko langabezia-tasa % 5,7ra jaitsi da bigarren hiruhilekoan, 13.200 langabe gutxiago zenbatuta

Eustaten kalkuluen arabera, 61 100 pertsona daude lanik gabe EAEn. Landunen kopuruak ere gora egin du (18.900 pertsona gehiago), eta 1.010.400era iritsi da. 

Lanbide paro langabezia
Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

2025eko bigarren hiruhilekoa % 5,7ko langabezia tasarekin itxi du Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), aurreko hiruhilekoan baino 13.200 langabe gutxiago zenbatuta, Eustat Euskal Estatistika Institutuak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera.

Hori horrela, 61.100 pertsona daude lanik gabe Euskadin. Halaber, landunen kopuruak ere gora egin du (18.900 pertsona gehiago) bigarren hiruhilekoan, eta 1.010.400era iritsi da, pasa den maiatzean ezarritako markaren azpitik (1.029.149 afiliatu).

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, gizonen langabezia tasa puntu eta erdi jaitsi da, %5,3raino, eta emakumeena, berriz, puntu bat jaitsi da, eta %6,1eraino. 16-24 urteko gazteen kasuan, langabezia tasa % 12,4an kokatu da, sei hamarren behera eginda.

Lurraldeka, eta azken hiruhilekoarekin alderatuta, 6.800 langabe gutxiago daude Bizkaian eta guztira 37.400 dira; hortaz, langabezia tasak % 6,7ra jaitsi da (% 1,3 gutxiago). 

Gipuzkoan, guztira 14.600 langabe daude erregistratuta, eta langabezia tasa % 4,1ekoa da, 1,6 puntu behera eginda. 

Arabari dagokionez, 9.100 langabe daude, 800 gutxiago, eta langabezia tasa %5,6an kokatu da.

Jarduera-tasari dagokionez, gora egin du hiru lurraldeetan, batez ere Araban (% 1,6) eta Bizkaian (% 1,3). Dena den, Gipuzkoa du okupazio-tasa altuena (% 73,6), eta ondoren daude Araba (% 72,7) eta Bizkaia (% 70,6).

Sektoreka, landunen kopuruak gora egin du zerbitzuen sektorean (% 1,9), industrian (% 1,7) eta eraikuntzan (% 3,3). Aitzitik, behera egin du lehen sektorean (% 3,2). 

Albiste gehiago

Gehiago kargatu