Bruselak espedientea ireki dio Espainiari, BBVAk Sabadellen akzioak eskuratzeko operazioan erabilitako legeengatik
Europako Batzordearen ustez, kapitalen zirkulazio askearen aurkakoak dira Espainiako Gobernuak operazio hau baldintzatzeko erabili dituen legeak. Eta 2 hilabeteko epea eman diote Espainiako Gobernuari azalpenak emateko.
Europako Batzordeak zigor espedientea zabaldu dio Espainiako Gobernuari, BBVAk Sabadellen akzioak eskuratzeko operazioari jarritako baldintzetan, Espainiako Gobernua urrunegi joan dela eta nagusikeriaz jokatu duela iritzita. Bruselaren ustez, kapitalen zirkulazio askearen aurkakoak dira Espainiako Gobernuak operazio hau baldintzatzeko erabili dituen legeak.
Ursula Von der Leyen buru duen erakundeak uste du Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) bere oniritzia eman ondotik, konpromiso batzuekin, Espainiako Gobernuan ez zuela zertan erabakia Ministroen Kontseiluari helarazi behar, nahiz eta Espainiako legeak hori jasotzen duen.
Bruselak uste du bankuen antolakuntza, gainbegiratze eta kaudimenari buruzko Espainiako legeak, 2014koak, eta hura garatzen duen Errege Dekretuak, 2015ekoak, Carlos Cuerpo buru duen Ekonomia Ministerioari botere handiegia ematen diola, eta ez diola mugarik ezartzen erabakiak hartzerako orduan.
Gogoratu behar da Ministroen Kontseiluak ekainean onartu zuela BBVA eta Sabadell fusionatzea, baina baldintza batzurekin: hiru urteetan bi erakundeek identitate juridikoa eta ondarea bereizita mantentzen badituzte, eta nork bere kabuz kudeatzen badu jarduera.
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak beste behin babestu du Espainiako Gobernuaren jarrera. Nolanahi ere bi hilabete dituzte Europar Batasuneko Exekutiboaren gutunari erantzuteko.