Tubos Reunidoseko Trapagarango eta Amurrioko langileek azaroko nomina eta Gabonetako ordainsaria kobratuko dituzte
Zuzendaritzak baieztatu die hala izango dela. Langraiz Okako langileen egoera ordea, bestelakoa da, aste honetan jakinarazi baitiete ez zaiela hilabete honetako soldata ordainduko "funts nahikorik ez izateagatik".
Hartzekodunen konkurtsoan eta salmenta prozesuan murgilduta dagoen Tubos Reunidosen zuzendaritzak Trapagarango eta Amurrioko lantegietako langileei baieztatu die azaroko nomina eta Gabonetako aparteko ordainsaria kobratuko dituztela, sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez.
Oso bestelakoa da Langraiz Okako lantegiaren egoera. 60 langileko faktoria txiki horretako langileei aste honetan jakinarazi die konkurtso-administrazioak ez dutela azaroko nomina kobratuko "funts erabilgarri nahikorik ez izateagatik". Sindikatuetako iturriek adierazi dutenez, zuzendaritzak argudiatu du, legezko arrazoiengatik, ezin dela dirurik bideratu Amurrioko eta Trapagarango kutxatik Langraizko langileei ordaintzeko.
Bestalde, Amurrioko eta Trapagarango lantegietan ostiral honetan egindako bileretan, zuzendaritzak 2027rako lan-egutegiak banatu ditu.
Amurrioko egutegia aurrekoen jarraipena da, sindikatuek diotenez. 2025eko hasieratik ez da txanda-kopurua murriztu; beraz, "historikoki izan den ekoizpen-ahalmen handiena lortzeko dena prest dago instalazio guztietan. Instalazio nagusiak eta laguntzaileetako batzuk lau txandatan arituko dira, eta asteburuak ere osorik izango dira produktiboak".
Sindikatuetako iturrien arabera, horrek bat egiten du eskaerak ondo erakartzeko albisteekin - duela gutxi Tubos Reunidosek 26 milioiko eskaerak lortu ditu- eta "fabrikan langileok sentitzen dugunarekin, oso erritmo altuan ari baikara lanean zenbait instalaziotan".
Hurrengo urratsa konkurtso-administrazioarekin bilera bat egitea izango da, abenduaren 2an, eta 15ean Eusko Jaurlaritzarekin.