DESLOKALIZAZIOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Enerpac enpresako langileek greba hasi dute Mallabiko lantegia salbatzeko

Larzep zeneko langileek greba hasi dute multinazionaleko zuzendaritzaren asmoen aurrean, lantegia ixtea eta ekoizpena Holandara eramatea ekiditeko.

Langileen manifestazioa, Eibarren, Mallabiako Enerpac (lehen Larzep zena) ez ixtea eskatzeko. Argazkia: LAB sindikatua X sare sozialean
Enerpac ixtearen aurkako manifestazio baten irudia, Eibarren. Argazkia: LAB

Enerpac Mallabia enpresako (garai bateko Larzep) langileek sei eguneko grebari hasiera eman diote gaur, zuzendaritzak lantegia ixteko hartutako erabakiaren aurka.

Gaurko egunaz gain, azaroaren 28an eta 30ean eta abenduaren 1ean, 2an eta 4an ere greba egingo dute. Bihar, ostirala , azaroaren 28an, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Ermuan, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.

Zentralak salatu duenez, zuzendaritzak dekretatutako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldian lau bilera egin ostean, enpresak ekoizpena Holandara eramateko asmoari eutsi dio. Eta, gaineratu duenez, operazioaren arrazoiak ez dira "galera ekonomikoak", baizik eta "taldearen errentagarritasuna hobetzeko jardueraren deslokalizazio- eta kontzentrazio-estrategiak".

Sindikatuak euskal erakundeen "inplikazio aktiboa" eskatu du jarduerari euste aldera; izan ere, adierazi dutenez, itxierak ez lieke soilik Enerpac enpresako 39 langileei eragingo, "fabrikarentzat lan egiten duten inguruko enpresa hornitzaileen jarduera ere arriskuan jartzen du, eta, horrekin batera, beste lanpostu batzuk ere bai" eta, beraz, "eskualde osoari eragiten dio".

Bestalde, Enerpacek Madrilen duen lantegian ere elkartasuna adierazi dute gaur lanuzteak eginez, abenduaren 2an errepikatuko dituztenak. LABek ziurtatu du ez duela onartuko "multinazional batek bertan behera uztea fabrika bat, bere lanpostuak eta urte luzez metatutako ezagutza industrial guztia". 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X