Iberdrolak Caruna enpresa erosteko baimen guztiak lortu ditu
Konpainiak 2.014 milioi euro inguru ordainduko ditu Finlandiako argindar enpresa handiena den Carunaren % 80 erosteko, eta urtarrileko lehen asteetan gauzatuko da erosketa.
Iberdrola argindar konpainiak Caruna Finlandiako argindar banaketa enpresarik handiena bereganatzeko Europako Batzordearen onespena lortu du, konpainiak ostegun honetan jakinarazi duenez. Guztira, 2.014 milioi inguru ordainduko ditu Carunaren % 80 erosteko, eta Ontario Teachers Kanadako pentsio funtsari erosiko dizkio akzioak. Horrenbestez, bere negozioa munduan barrena zabaltzeko lanean jarraitzen du.
Europako Batzordearen baimena zen, hain zuzen ere, erosketa gauzatu ahal izateko falta zen azkena. Behin hori lortuta, operazioa urtarrileko lehen asteetan gauzatuko da.
Ignacio Galan buru duen konpainiak aldez aurretik lortua zuen Europako Lehia Batzordearen baimena eta Finlandiako Enplegu eta Ekonomia Ministerioaren onarpena.
Operazioa pasa den uztailean iragarri zen, eta Carunaren % 100 erostea 5.000 milioi euroren bueltan baloratu zen orduan, finantza zorra aintzat harturik.
Iberdrolak orain azaldu duenez, Carunaren % 80 erosiko du eta horrek ahalbidetuko dio gainera, besteak beste, Finlandiako merkatuan sartzea.
Carunak 1,5 milioi pertsona ingururi ematen die zerbitzua Finlandian, herrialdeko biztanleriaren % 20 baino gehiagori, eta gutxi gorabehera 89.000 kilometro sare kudeatzen ditu.