ZORPETZEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bruselak espediente bat ireki liezaioke Espainiari, gastu-muga gainditzeagatik

Enplegu publikoaren hazkundeak eta inflazioaren aurkako neurriek 5.100 milioira igo dute gehiegizko gastua, Europako arau fiskalen mugatik gora.

(Foto de ARCHIVO)

Banderas de la Unión Europea (UE) frente a la sede de la Comisión Europea en Bruselas, Bélgica (archivo)



Europa Press/Contacto/James Arthur Gekiere

18/4/2023

Europar Batasunaren banderaren artxiboko irudia, Batzordearen egoitzaren aurrean. Argazkia: Europa Press

Europako Batzordeak gehiegizko defizitaren prozedura ireki diezaioke Espainiari, bere gastu publikoaren hazkundea baieztatzen bada. Europak hitzartutako bidetik % 0,6ra mugatzen du gastuaren desbideratzea, eta urtea ixterako Espainia % 0,9ra iritsiko dela uste du, hau da, hiru hamarren gorago, 5.100 milioi euro alegia.

"Gastu garbirako ezarritako muga gainditzen badute, ez dute beren zorra aurreikusi bezala murriztuko", azaldu dute Europar Batasuneko iturriek. Espedientea Espainiari irekitzeko arrazoia zorpetzea izango litzateke (% 60tik gorakoa), baina ez defizit publikoa, % 3ko mugatik behera jarraitzen baitu.

Nolanahi ere, erabakia ez da hartuko 2027ko udaberria baino lehen. Ordura arte, Estatuko Gobernuak egoera onbideratzeko neurriak har ditzake, bai diru-sarrerak handituz, bai gastu publikoa mugatuz.

Hala ere, egoera larritu egin daiteke datozen hilabeteetan: batetik, Europar Batasuneko iturrien arabera, Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko laguntzak luzatzeagatik eta, bestetik, langile publikoen kostuak handitzeagatik; izan ere, aurreikuspenetan ez dituzte jaso funtzionarioentzako 2027rako iragarritako soldata-igoerak, eta horiek desbiderapena areagotu dezakete.

Aurrekontuak luzatzea: legezkoa, baina ez "aproposena"

Espainiako Gobernuak lau urte daramatza onartutako konturik gabe, eta egoera hori ez da "aproposena", ez baitu proiekzio ekonomikoen berrikuspena errazten. Hala ere, Batasuneko iturriek argitu dute egoera horrek ez dituela Europako arauak urratzen. Antzeko egoeran daude beste herrialde batzuk ere, Belgika eta Letonia kasu, horietan ere aurrekontuak onartzeko zailtasun politikoak baitituzte.

"Praktika on bat litzateke aurrekontu bat izatea eta aurrekontu hori onartu aurretik Bruselara bidaltzea", adierazi dute iturri berberek, baina jakinarazi dute egungo egoerak ez diola Bruselari eragozten zaintza fiskaleko lana egitea. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X