Langile bat larri zauritu da Zallako enpresa batean
2026an Hego Euskal Herrian 50 behargin hil direla salatu du ELA sindikatuak.
Langile bat "oso larri" zauritu da gaur Zallako (Bizkaia) Aranguren auzoko Lucart enpresan. Besoa harrapatuta geratu zaio, eta urgentziazko ebakuntza egin behar izan diote, ELAk salatu duenez.
Sindikatuaren arabera, Randstad aldi baterako lan enpresaren bidez egiten zuen lan, eta "ez zuen laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzarik, ez informaziorik".
Horren harian, 2026an Hego Euskal Herrian 50 behargin hil direla salatu du sindikatuak.
ELAk ohartarazi duenez, harrapatzeko arriskua duten makina industrialekin lan egiteko "segurtasun neurri espezifikoak behar dira, bai eta lotutako arriskuei buruzko prestakuntza eta informazio egokia ere". Egoera hori "kezkagarria da aldi baterako lan enpresen bidez kontratatutako langileen kasuan, haien behin-behinekotasunak eta lan prekarietateak kalteberatasuna areagotzen baitute".
Gainera, sindikatuak adierazi duenez, "lan prekarietateak lan baldintzak hondatzen ditu urtero." Prebentzioan enpresak egiten duen inbertsio eskasak, langileen osasunaren aurrean etekin ekonomikoak lehenestearekin batera, agerian uzten du enpresek ez dutela konpromisorik lan-arriskuen prebentzioarekin", erantsi du.
Horregatik guztiagatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta lan osasunaren arloan eskumena duten erakundeei eskatu die "neurri sendoak har ditzatela prebentzio araudia betetzen dela bermatzeko, lan prekarietateari aurre egiteko eta enpresak ikuskatzeko eta kontrolatzeko baliabideak areagotzeko, lan ezbeharrei amaiera emateko helburuarekin ".
Zure interesekoa izan daiteke